UDALEKU IREKIETAN IZEN EMATEA ZABALIK

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu aurten ere. Izen emateko epea maiatzaren 18an hasiko da eta irekia egonen da maiatzaren 29ra arte. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www.bortziriak.eus), eta bertzea telefonoz deituta ( 948 63 41 25, 9:00etatik 13:00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Arantzan, Beran eta Etxalarren udalekuak uztailaren 6an hasiko dira, eta uztailaren 31ra arte arituko dira. Lesakako eta Igantziko kasuan, udalekuak uztailaren 13an hasiko dira, eta abuztuaren 7an bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak astelehenetik ortziralera izanen dira, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte. Aurtengo berrikuntza da udalekuetan izen ematen ahalko dela lau asteetarako edota hamabortzaldika. Horren arabera matrikularen prezioa aldatu eginen dira. Hauek dira prezioak:

Lau asteetarako: Ume bat apuntatuz gero, 90 €; bi anai-arreba baldin badira, 150 €; hiru anai-arreba baldin badira, 180 €.

Bi asteetarako: Ume bat apuntatuz gero, 50 €; bi anai-arreba baldin badira, 80 €; hiru anai-arreba baldin badira, 90 €.

Ordainketa egiteko epea ekainaren 5an bukatuko da.

Urteak daramatza mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dute. Azken urteotan 150 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan, eta 21 begirale aritu dira lanean.

Gainera, azken edizioetan behar bereziak dituzten neska-mutikoek ere udalekuetan parte hartzeko aukera izan dute, eta gainerako umeekin integratzeko aukera paregabea izan dute.

Mankomunitateak udalekuak antolatzeko helburu nagusia da neska-mutikoei udako oporraldietan eta aisialdia bezalako eremu informal batean euskaraz gustuko dituzten ekintzak eskaintzea. Egia da, bertzalde, gaur egun udaleku hauek funtzio sozial bat ere betetzen dutela. Izan ere, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoentzat abantaila da horrelako eskaintza bat izatea, lana eta familia uztartzeko aukera ematen baitie.

icon 2015eko udalekuetako eskuorria