Euskaltegia doan izanen dute bortziritarrek heldu den ikasturtean

Urrats handia emanen du Bortzirietako euskalduntze-alfabetatze sistemak irailetik aitzinera, eta Nafarroa osoan aitzindari izanen den proiektua paratuko du martxan. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak orain arte indarrean egon den beka sistema orokortu eginen du, eta Bortzirietan erroldatuta dauden herritar guztiei irekita egonen da.

Bi arrazoi nagusirengatik erabaki du euskara mankomunitateak ikasleei klaseak debalde eskaintzea: alde batetik, matrikulazioari bultzada eman nahi diote, inor bazter utzi gabe. Bertzetik, euskara ikastea herritar guztion eskubidea den heinean ez lukeelako ikasi nahi duenarentzat kostu ekonomikorik ekarri behar.

Hiru urteko probaldia ezartzea erabaki du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, eta sistema berriak ematen dituen emaitzen arabera erabakiko du aitzinera segitu ala ez. Ahalegin ekonomiko handia suposatuko du, edo hala nahiko luke mankomunitateak (herritar askok izena eman duten seinale). Horregatik, bortziritarrei inplikazio berezia eskatzen die mezua zabaldu dezaten, ingurukoei, dela lankide, bizilagun, senide, egitasmoaren logo-euskarara-doan-bidea-onaberri eman diezaioten.

Alfabetatzean arreta berezia paratu nahi du mankomunitateak. Sarritan kanpainek euskalduntzeari baino ez diote erreparatzen, eta euskaraz ongi solastu baina idatzi eta irakurtzeko zailtasunak dituen jende aunitz dago Bortzirietan.

Ekainetik bertatik hasi da kanpaina egiten euskara mankomunitatea. Bortz herrietako euskara batzordeen bidez hasi da mezua zabaltzen, eta aurtengo Euskaltegiko ikasleekin ere izan dira heldu den urteko egitasmoa azaltzen. Udan zehar ahoz ahokoari esker ahalik eta jende gehienarengana iristea espero dute. Irailean sartuko dira matrikulazio kanpaina betean, berriz, bai IKA euskaltegia bai euskara mankomunitatea bera.