Sareuskako Mintzodromoan izena emateko epea zabalik da

Sareuskako Mintzodromoak bosgarren edizioa izanen du Irunen, heldu den azaroaren 23an. Euskaraldiaren hasierarekin bat eginen du aurtengo edizioak, eta Irungo Mendibil Merkataritza gunean izanen da jatetxe eta zinemetan, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Izen emateko epea azaroaren 7tik 18ra izanen da. Doakoa izanen da, eta plazak mugatuak dira. Izen emateko bideak honako hauek dira:

  • euskara@bortziriak.eus – 948 634 125
  • solaslaguna@topagunea.eus – 610920673

Gonbidapena

Bortziriak

2014ko irailaren 19an sortu zen Sareuska euskararen sarea, eta geroztik urtero antolatu du Mintzodromoa. Lehen mintzodromoa Irunen egin zen eta aurtengoan berriz ere bertan eginen da azken urteetakoak Hondarribia, Lesaka eta Donibane-Lohizunen izan ondoren.

2017ko Mintzodromoa Lesakan

Ekimenaren helburua, euskaraz mintzatzeko gune bat eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin. Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke.
Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzeko eta dinamizatzeko sortu zuten Sareuska Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Euskal Elkargoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, eta helburu hau lortzeko bidean antolatzen du Mintzodromoa.

2017ko Mintzodromoa Lesakan

Mintzodromora bertaratzen direnenek, tokian tokiko zein egunerokotasuneko 3 gairen inguruan mintzatzeko aukera izanen dute gainerako partaideekin. Gai bakoitzeko lagun talde berria izanen da; parte hartzaileak 15 minutuz gai batez aritu ondoren bertze mahai batera aldatuko dira. Horrela, giro xamur eta lagunartekoan elkar ezagutzeko aukera izanen dute partaideek, baita ekimenean parte hartuko duten pertsonaia ezagunak parez pare izatekoa ere, Ane Saseta Bidasoa XXIeko presidentea eta igerilari ohia, eta Ander Elosegi piraguista bertzeak bertze. Julian Iantzik aurkeztu eta dinamizatuko du ekitaldia eta mokadutxo bat ere eskainiko zaie parte hartzaileei.