Solaslagunen aurkezpeneko solas berendua

Heldu den urtarrilaren 17an, ortzegunarekin, 19:00etatik aitzinera solas berendua eginen dugu Beran, Beralandetan. Bortzirietako solaslagunak biltzeko eta solaslagun berriak ezagutzeko parada izanen dugu. Hortaz, izen emateko interesa edo gogoa baduzu, bertan izanen duzu modua: hemen klik eginez ikus dezakezue informazio guzia.

Euskaraldiaren olatua pasatu berritan, balorazioa egiteko garaia da, herriz herri bizitakoaz gozatzeko eta gogoetatzekoa. Jakina, badugu zer hobetu, eta hamaika egunak akituta ere, lan anitz gelditzen da egiteko. Dena dela, gure uste apalean, handia izan da denon artean lortu duguna. Baina, 2019an zer? Nola eutsi hamaika egunez hartutako konpromisoei, gure egunerokotasunean euskarari leku gehiago eginez? Solaslaguna aukera paregabea izanen duzu aisialdian, lagunarteko giroan, euskaraz aritzeko eta gozatzeko. Zure mintzamena hobetu nahi baduzu edo hobetu nahi dutenei lagundu nahi badiezu, Solaslagun izaten ahal zara. Astean ordubete bertzerik ez da behar.