Urte hasieran abiatu zuen mankomunitateak herritar eta eragileekin parte hartze prozesua, helburu duena 2026-2031 bitarteko plan estrategikorako oinarriak jartzea. Prozesu honek mugarri hauek izan ditu:
- Lehenik, herritar guziei aukera eman zitzaien galdetegi bat betetzeko. Bertan euskararekin duten lotura, zenbat eta noiz-non erabiltzen duten… galdetzen zitzaien, baita etorkizunean landu beharreko ildo eta erronkei buruz ere. Galdetegiari ia 200 herritarrek erantzun zioten.
- Ondoren, Bortzirietako udal eta mankomunitateetako arduradun politiko eta teknikoekin saio bat egin zen, martxoaren 14an, hurrengo urteetako hizkuntza politikaren ildo nagusiak lantzeko. Guzira Bortzirietako udal eta mankomunitateetako 19 arduradun tekniko eta politiko elkartu ziren.
- Apirilaren 5ean, berriz, herritar eta eragileekin saio bat egin zen, eta haiekin ere datozen urteotako erronkak identifikatzeko ariketa egin zen. Guzira 23 lagun elkartu ziren Etxalarko kultur etxean.
Parte hartze prozesuari akabaila emateko, banakako eta taldekako elkarrizketa batzuk eginen dituzte teknikariek, orain arteko saioetan bildutako ideiak eta informazioa osatzeko helburuarekin. Ondoren, plan berria erredaktatzeko tartea hartuko dute teknikariek. Aurreikusia dago plana irailean aurkeztea herritarrei, eta mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak onartzea, 2026tik aitzinera indarrean jartzeko.