Estatutuak

icon BORTZIRIETAKO EUSKARA MANKOMUNITATEA

I. KAPITULUA: Eraketa, izena eta helbidea

1.artikulua

Arantzako, Berako, Etxalarko, Igantziko eta Lesakako Udalak libreki bildu dira mankomunitate honetan, estatutuen bigarren kapituluan adierazten diren zerbitzuak, beren eskumenekoak, elkarrekin antolatzeko eta egiteko.

Partaide berrien onarpena, estatutu hauen arauek adieraziko duten bezala eginen da.

Mankomunitate hau bere antolaketarako eta funtzionamendurako estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaio. Horien ordez, Nafarroako toki entitateei aplika dakiekeen arautegia erabiliko da.

 

2. artikulua

Nortasun juridikoa

Mankomunitate honek bere helburuak betetzeko ahalmen juridiko osoa izanen du, irabazi asmorik gabeko izaera publikoko entitate administratiboa den aldetik, eta une bakoitzean bera osatzen duten toki erakundeen mugapeak hartuko ditu bere esparruan.

3. artikulua

Aipatutako toki erakundearen izena Bortzirietako Euskara Mankomunitatea izanen da, eta egoitza Arantzako Herriko Etxean izanen du.

II. KAPITULUA: Helburuak

4. artikulua
Mankomunitatearen helburu nagusia Bortzirietan euskararen normalizazioa lortzea izanen da, eta zehazkiago:
  1. Gizarte bizitzaren alor guztietan euskararen ezagutza eta erabilera garatzea.

  2. Helburu hori duten ekimenak laguntzea, bultzatzea eta sustatzea.

  3. Herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea.

  4. Herritarrek euskara ikas dezaten beharrezkoak diren bitartekoak jartzea eta helburu horretan ari direnei laguntza ematea.

  5. Bortzirietako udaletan, mankomunitateetan eta haien menpeko erakundeetan euskara funtzionamendu eta zerbitzu hizkuntza izan dadin lortzea.

  6. Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako gizarte sektoreak modu egokian koordinatzea, aipatu helburuen eraginkortasuna ahalik eta handiena izan dadin.

  7. Euskararen normalizazioan diharduten erakunde eta talde ezberdinekiko koordinazioa bideratzea.

  8. Helburu hauek lortu ahal izateko behar diren egitasmoak, ekintzak, ordenantzak eta zerbitzuak antolatzea eta garatzea.

5. artikulua
Mankomunitate honek aitzineko artikuluan zehaztutako helburuak bete ahal izateko behar hainbat ekintza burutzeko ahalmena du eta bereziki, honako hauetarako:
  1. Edozein erakunde publikori edo pribaturi dirulaguntzak eskatzeko.
  2. Edozein eratako hitzarmenak edo kontratuak egiteko.

III. KAPITULUA: Iraunaldia

6. artikulua

Mankomunitate honen iraunaldia mugagabea izanen da, eta bere jarduerari hasiera emanen dio estatutuak behin betiko onartzen direlarik, indarrean dagoen legediak xedatutakoaren arabera.

IV. KAPITULUA: Zuzendaritza eta kudeaketa organoak

7. artikulua

Mankomunitatearen organoak honako hauek izanen dira:

  1. Batzorde Erabakitzailea: lehendakaria eta komite erabakitzailea.
  2. Aholkularitza Batzordea.
  3. Parte hartzeko batzordeak: Bortzirietako Euskararen Batzar Orokorra eta herrietako euskara batzordeak.
8. artikulua

Mankomunitateko lehendakaria Arantzako Udalak izendatutako udal ordezkaria izanen da. Beharrezkoa izanen da ordezkari horrek euskaraz jakitea. Lehendakariari dagokio mankomunitate honen ordezkaritza bertze pertsona fisikoekiko eta juridikoekiko harremanetan, estatutu hauek eta Batzorde Erabakitzaileak ematen dizkioten funtzioak betez.

Lehendakariordea ere izendatuko da, lehendakaria falta delarik haren funtzioak bete ditzan, hark berriz ardura hartu edo berria izendatu arte. Horrez gain, diruzaina izendatuko da. Hiru kargu hauek Batzorde Erabakitzailea eratzeko bileran izendatuko dira eta ondoren, batzorde hori berritu aldi oro.

9. artikulua

Lehendakaria

Mankomunitateko lehendakariari honakoak dagozkio:

  1. Batzorde Erabakitzailearen bileretarako deialdiak egitea, hauen buru izatea eta zuzentzea eta hartutako erabakiak betearaztea.

  2. Mankomunitateko gaietan presazko erabakiak hartzea, bere ardurapean eta Batzorde Erabakitzaileak ezarritako ildoei jarraituz. Betiere Batzorde Erabakitzailearen hurrengo bileran horien berri eman behar du. Gaiaren garrantzi mailak hala eskatuko balu, bilera berezirako deialdia egitea.

  3. Idazkari/kontu-hartzailearekin batera, mankomunitatearen aurrekontuak osatzea, onartutako aurrekontuaren garapen egokia xedatzea eta urteko kontuen berri ematea, aplikagarri diren lege xedapenek ezarritakoari jarraituz.

  4. Aurrekontuetako kontsignazioen arabera, mankomunitateak egin behar dituen ordainketak agintzea.

  5. Diruak eta ondasunak administratzea eta aitzineko urteko kontuen berri urtearen lehen seihilekoan ematea.

  6. Mankomunitateko langileen agintari nagusia izatea.
  7. Mankomunitatearen ordezkari izatea, berekin zer ikusia duten ekitaldi eta zerbitzu juridiko guztietan. Halaber, prokuradoreei ahalmena ematea, Batzorde Erabakitzaileak kasu bakoitzerako onartu ondotik, beharrezkoa balitz, epaiketetan edo hauetatik at mankomunitatearen ordez ager daitezen.

  8. Erakundearen izenean egiten diren agiriak eta ekintzen egiaztagiriak bere sinaduraren bidez ontzat ematea.

  9. Zerbitzuaren funtzionamenduaren onerako eta mankomunitatearen helburuak behar bezala betetzeko gainerako funtzioak, Batzorde Erabakitzaileari edota udaletako alkateei dagozkienak izan ezik.

  10. Indarrean dagoen legediak zehazten dituen gainerako funtzioak.
10. artikulua

Lehendakariordea eta diruzaina

  1. Lehendakariordeak lehendakariaren funtzioak beteko ditu, hala dagokionean eta estatutu hauetan aurreikusitako moduan. Horrez gain, lehendakariak edota Batzorde Erabakitzaileak espreski bere esku utzitako funtzioak beteko ditu, betiere Batzorde Erabakitzailearen aitzinean horien berri emanez.

  2. Diruzaina Batzorde Erabakitzaileak hautatuko du bere kideen artean. Bere eginbeharrak dira mankomunitatearen fondoak, balioak eta diru-agiriak kudeatzea eta zaintzea, eta dirubilketa zerbitzuaren buru izatea.

11. artikulua

Batzorde Erabakitzailea

  1. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa Batzorde Erabakitzailearen esku egonen dira; mankomunitatearen organo gorena izanen da. Honek estatutu hauetan zehaztutako eskumenak eta eskuduntzak izanen ditu, baita indarrean dagoen legediak xedatutako bertze edozein ere.
  2. Batzorde Erabakitzailea mankomunitate honetan parte hartzen duten herrietako udal ordezkariez osatuko da, eta hauek zinegotziak izan beharko dute. Guztira zazpi udal ordezkarik osatuko dute batzorde hau, proportzio honetan: Arantzatik, Etxalartik eta Igantzitik bana, Beratik eta Lesakatik bina. Beharrezkoa izanen da ordezkari horiek euskaraz jakitea.

  3. Ordezkarien hautaketa.

Udalbatza bakoitzak bere ordezkariak libreki hautatuko eta berrituko ditu, eta izendapen horiek udal hauteskundeak egin aldi oro berrituko dira.

 

Batzordekideren batek, udalbatzek hala nahi dutelakoz, bere borondatez edota bertze edozein arrazoirengatik, kargua utziz gero, egun horretatik hasi eta hilabete baten barrenean ordezkoa izendatu behar da.

12. artikulua
Batzorde Erabakitzaileak bere gain izanen du administrazio-gobernua eta zerbitzuaren kudeaketa. Beraz, berari dagozkio:
  • Mankomunitatearen plantilla onartzea.
  • Mankomunitatearen plangintzak, aurrekontu arruntak nahiz bereziak eta urteko kontuak eztabaidatzea eta onartzea.
  • Mankomunitatearen eskubideen defentsan jardutea, bere kontrako auziei aurre egitea eta edozein motatako, mailatako eta eskumenetako gaien gainean helegiteak jartzea, betiere aldiko letratuaren aldeko txostenarekin.
  • Udalei urtero egindako lanaren memoria aurkeztea eta horren bidez, udalbatzei zerbitzuak urtean zehar izan duen funtzionamenduari eta mankomunitatearen jarduerari buruz informazioa ematea.
  • Udalei eta herrietako euskara batzordeei estatutuak aldatzeko proposamena egitea.
  • Mankomunitatearen helburuekin bat egiten duen eta gai honetan udalei dagokien bertze edozein ekintza edo eskumen.
  • Indarrean dagoen legediak zehazten dituen gainerako funtzioak.
13. artikulua

Aholkularitza Batzordea

Aholkularitza Batzordea herrietako euskara batzordeetako ordezkariek osatuko dute. Batzorde bakoitzak bere ordezkoak libreki hautatuko eta berrituko ditu. Komenigarria da Batzorde Erabakitzailerako aipatutako kideen proportzioak mantentzea. Aholkularitza Batzordearen egitekoak honakoak dira:
  • Mankomunitatearen lan ildoak proposatzea eta horien garapen egokia begiratzea.
  • Batzorde Erabakitzaileak eskatzen dion gaietan aholku ematea.
  • Nahitaezkoa da batzorde honek txostena egitea gehiengo osoaren aldeko botoak beharrezkoak diren gaietan.
  • Batzorde hau Batzorde Erabakitzailearen bileretan egotea komeni da.
  • Bileren maiztasuna batzordeak erabakiko du, dituen eginbeharren arabera.
14. artikulua

Herrietako euskara batzordeak

Herrietako euskara batzordeak parte-hartze irekia duten organoak dira, honako hauentzat: norbanakoentzat, erakunde, ikastetxe eta elkarte ezberdinetako ordezkarientzat nahiz gizarteko sektore ezberdinetako kideentzat. Batzorde Erabakitzaileko udalbatzetako ordezkariek ere parte hartuko dute. Honakoak dagozkie:
  • Herri mailan hizkuntz normalizaziorako irizpideak eztabaidatzea eta proposatzea.
  • Mankomunitate honek herri mailan eginen dituen ekintzetan parte hartzea eta horiek koordinatzea.
  • Herrietako batzorde bakoitzak bileren maiztasuna eta barne funtzionamenduari dagozkion gainerako zehaztasunak erabakiko ditu.
15. artikulua

Batzar Orokorra

Batzar Orokorra mankomunitatea osatzen duten herrietako euskara batzorde guztiak biltzen dituen organoa da.

Batzar Orokorraren bilerak egiteko ez da maiztasun finkorik behar, ezta gai zehatzik ere.

Batzar Orokorra egiteko proposamena mankomunitateko edozein batzordek egin dezake. Proposamen hori Batzorde Erabakitzaileak onetsi behar du, Aholkularitza Batzordearen onikusiarekin.

Batzar Orokorrean mankomunitateak egindako eta egin beharreko lanak, bere batzordeen funtzionamendua edota bertzelako gaiak aztertuko dira.

16. artikulua

Idazkaria/kontu-hartzailea

Idazkariaren eta kontu-hartzailearen funtzioak honakoak izanen dira:

  1. Lehendakariari eta Batzorde Erabakitzaileari eman behar diren ebazpenen gainean informazioa eta aholkua ematea, betiere estatutuek, ordenantzek eta indarrean dagoen legediak zehaztutakoaren arabera.
  2. Batzorde Erabakitzaileak eginen dituen bileretako aktak, lehendakariaren ebazpenak eta mankomunitateak egin behar dituen agiriak erredaktatzea eta baimentzea.
  3. Ziurtagiriak egitea, lehendakariak agindu eta ontzat emanda.
  4. Udaletako idazkariek eta kontu-hartzaileek dituzten zereginetatik, bidezkoa izan eta lehendakariak beren esku utz dezakeen bertze edozein.
Batzorde Erabakitzaileak idazkaria/kontu-hartzailea mankomunitatea osatzen duten udaletan lan horietan diharduten langileetatik aukeratuko ditu. Hala ere, langile hauek ez dute lan eta iraupen eskubiderik bereganatuko. Behin-behineko ordezkoak izaten ahal dituzte.
17. artikulua

Euskara Zerbitzua

Zerbitzu honetan diharduten teknikariei funtzio hauek dagozkie:

    1. Bortzirietan euskara normalizatzeko plangintza diseinatzea, mankomunitateko organo ezberdinei proposatzea, eta, Batzorde Erabakitzaileak onetsi ondotik, garatzea.
    2. Mankomunitateko organo ezberdinek proposatzen dituzten ekimenak eta egitasmoak aitzinera eramatea.
  • Batzorde Erabakitzaileak hartutako erabakiak bideratzea.
  • Mankomunitateko administrazio, kudeaketa eta diruzaintza lanak egitea.
  • Mankomunitateko batzordeak koordinatzea eta dinamizatzea.
  • Bortzirietan eta hemendik kanpo, euskararen normalizazioan diharduten bertzelako erakundeekin eta taldeekin koordinatzea.
  • Mankomunitatearen helburuak betetzeko, Batzorde Erabakitzaileak esleitzen ahal dien bertze edozein eginkizun.

V. KAPITULUA: Funtzionamendurako arauak

18. artikulua

Batzorde Erabakitzaileak hilabetean behin bilera eginen du. Horrez gain, egoki irizten diren bilkurak eginen ditu, lehendakariak deituta edo Batzorde Erabakitzailea osatzen duten kideen laurdenak eskatuta, indarrean dagoen legediak xedatutako moduan.

19. artikulua

Batzorde Erabakitzailea biltzeko deialdia egitea eta gai zerrenda osatzea lehendakariari dagokio. Ordezkariek eztabaidatuko diren gaiak aztertzeko behar adina denborarekin eginen dira deialdiak eta, gaiaren garrantziaren arabera, Aholkularitza Batzordeari aholkua eskatuko diote.

Deialdia bi egun lehenagotik jakinaraziko da.

Deialdia egin ondotik, kideek bileran aztertuko diren gaien espedienteak eta informazioa eskura izanen dituzte.

Deialdietan bileraren eguna, ordua eta lekua zehaztuko dira, lehen deialdiari zein bigarrenari dagozkionak.

20. artikulua

Erabakiak hartzerakoan aintzat hartuko da udalbatzen erabakiei buruz indarrean dagoen araudia, ondoko artikuluan xedatutakoa salbu.

21. artikulua

Ondoko kasu hauetan Batzorde Erabakitzailea osatzen duten eskubideko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa eta Aholkularitza Batzordearen nahitaezko txostena beharrezkoak izanen dira:

  1. Zerbitzuen erabiltzaileengan edo mankomunitatearen funtzionamenduan eragina duten ordenantza, erregelamendu eta tarifa orokorrak onesteko, bere eskumenekoak baldin badira.
  2. Obrak eta inbertsioak egiteko hainbat urtetarako planak onesteko eta bereziki, urte bakoitzean hurrengo urteari dagokiona onesteko.
  3. Mankomunitatean kide berriak onartzeko.
  4. Estatutu hauek aldatzeko.
  5. Aurrekontuak onesteko.
  6. Kontuak onesteko.

Indarrean dagoen legediak zehazten dituen gainerako eginkizunak aitzinera eramateko.

22. artikulua
Estatutuak aldatzeko, onartzerakoan jarraitutako prozedura berbera erabiliko da, indarrean dauden xedapenen arabera.

Estatutuak aldatzeko lehen urratsa Batzorde Erabakitzailearen proposamena izanen da, aitzineko artikuluan ezarritako quorumarekin.

VI. KAPITULUA: Arau ekonomikoak

23. artikulua
Helburuak betetzeko egindako gastuen eta gainerako gastu guztien finantzazioa bere bitarte ekonomikoekin eginen da, hau da:
  • Mankomunitateak Nafarroako Gobernutik edo bertzelako erakunde publikoetatik edo pribatuetatik laugarren artikuluan zehaztutako ekintzetarako hartuko dituen dirulaguntzen bitartez.
  • Antolatutako ekintzek sor ditzaketen sarrera arrunten eta berezien bitartez.
  • Bere alde eman daitezkeen dohaintzen, legatuen edo usufruktuen bitartez.
  • Bere ondasunek eta eskubideek emandako irabazien, errenten eta interesen bitartez.
  • Esleitzen ahal zaion bertze edozein bitarteko.
24. artikulua

Mankomunitatea osatzen duten udalek hark izan ditzakeen betebeharrei eta zergei aurre egin beharko diete, ondoko irizpideei jarraituz:

Banaketa azken udal errolden arabera, udalerri bakoitzean dauden eskubidedun biztanleen proportzioa kontuan hartuz eginen da.

25. artikulua

Zerbitzuaren sarrerak eta gastuak idazkariak/kontu-hartzaileak kontabilizatuko ditu. Batzorde Erabakitzaileak kontuak onartuko ditu, baita horien berri emanen ere, indarrean dagoen legediak ezarritako moduan.

Zerbitzuaren gastuak, obren eta instalazioen zainketa-lanak, langileen ordainsariak eta hitzartutako gainerako obligazioak ordaindu ondoren soberakinik izanez gero, hurrengo ekitaldiko aurrekonturako geldituko da.

26. artikulua

Udal bakoitzak bere udalerrian Euskara Zerbitzuko langileentzat toki egokia izanen du.

27. artikulua
Mankomunitatea osatzen duten udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, mankomunitatearekin edo bere menpeko atalekin zorra izanez gero, dagozkien transferentzietatik zor dieten kantitatea kentzeko eta hari emateko.

VII. KAPITULUA: Langileak

28. artikulua

Mankomunitateak behar dituen langileak izanen ditu. Zenbatekoa, maila eta funtzioak Batzorde Erabakitzaileak osatuko dituen plantilletan zehaztuko dira.

29. artikulua

Plantilla mankomunitateak hartutako lan-kontratudun langileek osatuko dute.

Mankomunitateak bere zerbitzuak emateko behar dituen langileak kontratatuko ditu, eta lanpostuak plantillari egokituz beteko ditu, indarrean dagoen legeriak xedatutakoari jarraituz.

30. artikulua

Idazkariari eta kontu-hartzaileari udaletako erregimen juridiko berbera aplikatuko zaie, bere eskuduntzen eta eskumenen barnean, ordainsari ekonomikoei dagokienean izan ezik. Ez batak eta ez bertzeak ez dute lan eta iraupen eskubiderik bereganatuko.

VIII. KAPITULUA: Kide berrien onarpena

31. artikulua

Mankomunitatean udal berriak sartu ahal izateko gehiengo osoaren aldeko botoa behar da, 21. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, onarpenaren erabakia 15 egunez jendaurrean egonen da.

IX. KAPITULUA: Deuseztapena

32. artikulua
Mankomunitatea osorik edo partzialki deuseztatzeko arrazoiak, indarrean dagoen legediak emandakoak baizik ez dira izanen.