Mankomunitateko ordezkarien eta enpresetako arduradunen arteko bilerak
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Arcelorri, Lorpeni, Martikori, Saverari eta Zalaini egin zien bilera eskaera, 2007ko udazkenean eta 2008ko udaberrian, euskararen erabilera areagotzeko planen gaia aztertzeko. Ekainean eta uztailean bilerak egin ziren Arcelorren eta Zalainen. Bertze hiruretan, mankomunitatearen bilera eskaerak ez du oraindik erantzunik izan. Lan Munduko Batzordearen asmoa da urtea bukatu aitzin erabilera planei buruzko bilera egitea Bortzirietako lantegi garrantzitsuenetan. Enpresa arduradunei argi eta garbi adierazi nahi diegu euskararen alde eginda denok izanen garela onuradun.
{mosimage}Bortzirietako enpresetan euskararen erabilera areagotzea da Lan Munduko Batzordearen helburua. Horrek eskatzen du ahalegin askotarikoa eta denboran iraunen duena. 2007ko irailaren 18an, batzorde honek egindako eskaerari erantzunez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eskualdeko enpresetan euskararen aldeko ekimenak martxan jartzeko eragile lana egitea adostu zuen aho batez.
2007ko udazkenean eta 2008ko udaberrian berriz ere, honako enpresa hauei bilera eskaera egin zien mankomunitateak: Arcelorri, Lorpeni, Martikori, Saverari eta Zalaini. Ekimen honek orain arte eman duena baloratzeko tenorea da, baita aitzinera begira hurrengo urratsak zein izanen diren argitzeko ere. Horretarako, Lan Munduko Batzordeak eta euskara mankomunitateko ordezkariek agerraldia eginen dute azaroaren 4an, eguerdiko 12:00etan, Lesakako Kasinon.
Arcelor: Lehenbiziko bilera eskaerari erantzun ez bazioten ere, lantegiko batzordeak egindako lanari esker bilera egitea lortu zen. 2008ko uztailaren 30ean egin zen enpresak Bittiria karrikan dituen bulegoetan, eta bertan izan ziren Koldo Erkizia, mankomunitateko ordezkari eta Lesakako alkatea, Urko Ikardo, euskara teknikaria, Juan Jose Aranburu, enpresako ordezkaria, eta langile batzordeko ordezkariak, Batti Eskudero (LAB), Patxi Altxu (UGT) eta Pello Astiz (ESK). Mankomunitateko ordezkariek euskararen erabilera areagotzeko ahalegin planifikatua egiteko gonbita egin zioten enpresari, Bergarako Arcelorren egiten ari direnaren gisakoa. Bilera interesgarria izan bazen ere enpresak ez zuen konpromiso zehatzik hartu. Arcelorreko hitzarmenean euskara ikasteko diru laguntzak aurreikusten dira, eta azken urte hauetan horretara bideratu den diru kopurua ez da apenas ukitu. Proposamen zehatza egin zioten enpresako ordezkariari: Arcelorrek galde dezala erabilera plan baten aurrekontua, zenbateko inbertsio ekonomikoa egin beharko lukeen jakiteko. Enpresako ordezkariak erantzun zuen 2009ko hitzarmena aztertu arte alferrik zela deus egitea. Beraz, gaia orduan berriz ere eztabaidatzeko gelditu zen.
Lorpen: 2007ko abendu aldera bilera egiteko prestutasuna agertu bazuten ere (mankomunitatera hots egin zuen enpresako arduradunak), 2008ko urtarrilean Etxalarko alkate Patxiku Irisarriren bitartez jakin genuen enpresak ez zuela oraingoz gai honi heltzeko egokierarik edo asmorik. Beraz, mankomunitateko ordezkariaren eta Etxalarko alkatearen izanenean egindako bilera eskaera ez zuten aintzat hartu, eta, enpresako ordezkariak mankomunitateak proposatu asmo ziena entzun gabe gelditu ziren. Bilera bera egiteko aukera ukatzea ez da gauza ohikoa erakundeen arteko harremanean; Lan Munduko Batzordeak balorazio ezkorra egiten du horretaz eta kezkagarria iruditzen zaio euskararen erabilera areagotzeko plana aukera gisa aztertzeko prestutasun falta.
Martiko: 2007ko udazkenean egindako bilera eskaerari ez zioten erantzun, ez behinik behin guztiz. Bilera eskaera mankomunitateko ordezkariaren eta Berako alkatearen izenean egin zen. Hasieran data zehatza proposatzen bazitzaien ere, argi utzi zitzaien betiere, mankomunitateko ordezkariak enpresaren erranetara zeudela bilera data adosteko. Bada erantzuna izan zen Martikoko arduradunari ezinezkoa zitzaiola egun horretan biltzea (posta elektronikoz bidali zutena). Horren ondoren, bilera bertze egun batean egiteko aukera gogoratu zitzaien, baina ez zuten erantzun. Lan Munduko Batzordearen iritziz tamala da bilera eskaera ofizial bati behar bezalako erantzunik ez ematea, batetik, eta bertzetik, euskararen erabilera areagotzeko plana aukera gisa aztertzeko prestutasun falta. Arestian erran bezala, gauza ez ohikoa da erakundeen arteko harremanean bilera eskaera bati erantzunik ez ematea. Kasu honetan ere, enpresako ordezkariak mankomunitateak proposatu asmo ziena entzun gabe gelditu ziren.
Savera: 2007ko udazkenean egindako bilera eskaerari erantzunez mankomunitateko ordezkaritzarekin biltzeko prestutasuna adierazi zuten hasieran, baina gero agenda arazoengatik bilera ezin izan zen egin. Urte hasieran hitzordua paratzeko saiakera egin zen berriz ere, baina azkenean ez zen erantzunik izan. Mankomunitateak bigarren ahalegina egin zuen (lantegiko batzordekideekin izan ondotik) ekainean, eta orduko hartan ere Saveratik ez zuten erantzunik eman. Lan Munduko Batzordearentzat tamalgarria da euskararen erabilera areagotzeko plana aukera gisa aztertzeko bilera hori egin ez izana, are gehiago hasierako jarrera baikorra ikusirik. Berriki, hirugarrenez bilera eskaera egin zaio Saverari. Izan ere, Savera taldearen barnean dagoen Selaken (Hernanin) erabilera plana abiatu dute, eta horretarako baldintzak betetzen ditu Berako lantegiak. Horrez gain, Funvera talde berekoa izaki, batean hartutako erabakiak bertzean ondorio baikorra izaten ahal du. Aurreko bietan errandakoak berrestea bertzerik ez zaigu gelditzen: enpresako ordezkariak mankomunitateak proposatu asmo ziena entzun gabe gelditu ziren.
Zalain: 2008ko urte hasieran bilera eskaera egin eta berehala biltzeko borondatea adierazi zuten. Hitzordua adosterako hilabete batzuk joan ziren, eta azkenean, bilera ekainaren 9an egin zen. Bertan izan ziren Koldo Erkizia mankomunitateko ordezkari eta Lesakako Alkatea, Urko Ikardo, eta enpresaren izenean, Irune Vila, giza baliabideetako arduraduna, eta Rui Pinto, gerentea. Mankomunitateko ordezkariek euskararen erabilera areagotzeko ahalegin planifikatua egiteko gonbita egin zieten enpresako ordezkariei. Bilera interesgarria izan bazen ere, enpresak ez zuen konpromiso zehatzik hartu erabilera planari dagokionez.
Hurrengo urratsak
Euskara mankomunitateak ekimenari segida emanen dio. Enpresako arduradunei helarazi nahi zaien mezua honako hau da: euskararen erabilera areagotzeko planak eta oro har, euskararen aldeko saiakerak, onura ekarriko die herritarrei, euskarari, eta enpresa berari. Epe motzean, Lan Munduko Batzordearen asmoa da erabilera planen inguruko bilerak egitea orain arte egin ez diren enpresetan, eta horretarako, bilera eskaera eginen zaie berriz ere Saverari, Martikori eta Lorpeni. Horiez gain, Talleres Zelaietari ere eginen zaio bilera eskaera.
Lan Munduko Batzordea