Izendapen ofizial bakarra: BERA

Berako Euskara Batzordea gure herria izendatzeko izen ofizial bakarra “Bera” izan zedin lanean aritu da azkeneko urte hauetan, eta horren emaitza dugu Berako Udalak herriaren izen ofiziala aldatzeko (Bera soilik izan zedin) 2008an hartutako akordioa, eta berriki erabaki horren alde Nafarroako Auzitegi Gorenak kaleratutako epaia. Hori guztia baloratzeko euskara batzordeak prentsaurrekoa egin zuen uztailaren 15ean.

BERAKO UDALERRIAREN IZENDAPEN OFIZIAL BAKARRA: BERA

Nafarroako Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaiaren gaineko balorazioa

Berako Euskara Batzordea

Berako Euskara Batzordeak hagitz baikorki baloratzen du herriaren izendapena dela-eta epaitegitik jaso dugun berria. Pozteko moduko albistea da, erakusten duena lana gogotsu eginez helburuak lortzen ahal direla. Hemendik aitzinera denoi dagokigu, udalaren gidaritza pean, herriaren berezko izena eta ofiziala den bakarra, esparru eta euskarri guztietara zabaltzea, horretarako behar diren aldaketa eta egokitzapenak eginez.

Gure herriaren izendapenaren inguruko eskakizuna ez da atzokoa. Jada duela ia hiru hamarkada, hasierako legegintzaldi haietan, gaia mahaiaren gainean egon zen. Orduko saiakerek ez zuten fruiturik eman, baina hazia ereinda utzi zuten bederen.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreraz geroztik, Berako Euskara Batzordeak bere gain hartu zuen eskakizun horren alde egiteko konpromisoa. Lehenagotik bertzelako saiakerak egin baziren ere, 2006an Bera herriko izen ofizial bakarra izan zedin urrats eraginkorrak gorpuztu ziren. Urte horretan Nafarroa Oinez ospatu zen Beran. Horren karietara, Euskaltzaindiak jardunaldi batzuk antolatu ohi ditu urtero. Euskara batzordeak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen bitartez, Euskaltzaindiari Bera herri izenari buruzko txostena eskatu zion. Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak horri buruzko txostena onartu zuen 2006ko irailaren 22an Ziordian egindako bileran, Andres Iñigo Onomastika batzordeburu eta Nafarroako ordezkariaren zuzendaritza pean. Txostena Berako Udalera igorri (urriaren 2ko datarekin), eta jendaurrean aurkeztu zuten arestian aipatutako Ageriko ekitaldian, urriaren 6an egin baitzen.

Txostenak Euskaltzaindiak lehenagotik hartutako bi erabaki zituen oinarriherriaren euskal izena Bera da eta herritarrena beratar): 1979koa Euskal Herriko udalen izendegia zehazten zuena bata, eta bertzea, 1986ko Euskararen Legearen agindua betetzearren, aurreko erabakia berresten zuena. Nafarroako herri izendegian, 1989an, Euskaltzaindiak Bera bakarrik proposatu zuen izen ofizial gisa; alta, Nafarroako Gobernuak Bera / Vera de Bidasoa onetsi zuen (19/1989 Foru Dekretuaren bitartez). (

Vera de Bidasoa: Izendapen arrotza eta kanpotik ezarria. Espainiako Gobernuak XX. Mende hasieran hartutako erabaki administratibo bat du oinarri (1916ko ekainaren 27ko Errege Dekretua). Mendeetan zehar Bera soilik izan zen herriaren izendapena. Espainian erdal grafian Vera izena zuten herriak elkarrengandik bereizteko aldaketa inposatu zuten: Vera izena Almerian dagoen herriarentzat utzi zuten, eta Vera de Bidasoa sortu.

Euskaltzaindiak txostenaren bukaeran hari aholku ematea dagokiola oroitarazten zuen, eta ofizialtasunaren gain erabakitzea udalari eta Gobernuari berrestea dagokiola, hurrenez hurren.

Bide horri segita, 2008ko urtarrilaren 17an egindako bileran, Berako Udaleko Osoko Bilkurak herriaren izen ofiziala aldatzea erabaki zuen; Bera izanen zen aurrerantzean izen ofizial bakarra. Erabaki hori espedientearekin batera (gai honi buruzko mozio eta akordio guztiak biltzen dituena) Nafarroako Gobernura igorri zuen, azken honek herriaren izen ofiziala onar zezan. Nafarroako Gobernuak, 2008ko otsailaren 18an Berako Udalak eskatutako izen aldaketa (alegia izen ofizial bakarra Bera izatea) ez zuen onartu. Gauzak horrela, eta zilegitasun guztiarekin, Nafarroako Gobernuaren erabaki horren aurka, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean, administrazio-gatazka helegitea paratzea erabaki zuen Berako Udalak, lege aholkularitza profesionalen esku utzita. Auzi honetan Berako Udala Unai Iturriotz abokatuak ordezkatu zuen.

Gai honekin lotutako albiste gehiago:

Ttipi- ttapa

Xorroxin irratia

Berria

Gara

Diario Noticias

Diario Vasco