Ekainaren 12ko Batzar Orokorra

Joan den ekainaren 12an, Bortzirietako euskara batzordeetako kideak Etxalarko Kultur Etxean elkartu ginen. Mankomunitatearen egoera izan genuen aztergai, eta, aitzinera begira, euskararen normalizaziorako tresna eraginkorra izaten segitu dezan ziurtatu beharreko gutxieneko baldintzei buruz jardun ginen. Horrekin batera, euskara batzordeen egoerari buruz ere egin genuen gogoeta.

Batzar Orokorra goizeko 10:00etan hasi zen. Egunerako propio prestatuko bideoa aurkeztu genuen hasteko. Duela 20 urte mankomunitatearen sorreran parte hartu zuten hainbat laguni elkarrizketa eginen genien, orduko giroa eta izpiritua gogora ekartzeko. Izan ere, aurten mankomunitateak 20 urte ospatu ditu, eta, horren inguruan, hainbat ekitaldi aurreikusten dituzte euskara batzordeek.

Bideoak abiapuntu hagitz interesgarria paratu zion saioari. Ondotik, taldetan banatu ginen bertaratutako 23 lagunak, mankomunitatearen orainaz eta geroaz hausnartzeko, eta ondorioak dokumentu batean bilduko ditugu. Batzar Orokorrari amaiera emateko, batzordekideek idatzia adostu zuten, mankomunitatearen ezinbertzeko lanari atxekimendua adierazteko.

20 URTEKO LANA EGINA; BADATOZ LAN BERRIAK

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen aldeko eguna

Adierazpena

Gu Bortzirietako euskaltzaleak gara. Eta euskararen alde gure esku dagoena bertzerik ezin dugu egin. Baina euskararen alde gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude, eta eginen dugu.

Euskara, euskara da, bertze hizkuntza bat. Bertze hizkuntza bat bertzerik ez? Euskara gure hizkuntza da, GU egiten gaituena. Baina hiztunik gabe ez da hizkuntzarik. Euskarak galdu ditu azkarki, eta galdu adina eta gehiago ditu irabazteko.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatea: euskarak bere bidea egin dezan gure eskualdeak daukan tresna; tresnetako bat. Gure esku zegoen sortzea, eta sortu genuen. Aurten ditu hogei urte; 20 urteko lana egina da. Baina ez da dena egina; badatoz lan berriak, erronkak, asmoak, nahiak…

Hornitu dezagun tresna, babestu mankomunitatea, berreskuratu sintonia, bilatu adostasunak, indartu elkarlana… Horrela, eta horrela bakarrik, izanen dira hurrengo 20 urteak emankor.

20 urte. Ospatu dezagun. Atera gaitezen plazara Bortzirietan euskarak dituen aldekotasunak agertzera; baikortasunez, gure konpromisoa erakutsiz, gure indarra eta gogoa batuz.

Gu, gu gara, eta bakarrik gure esku dagoena egin dezakegu. Baina gure esku dagoen guztia egin beharrean gaude, nahitaez.

Euskara gure buru eta ahoetan biziko da.

Etxalar, 2010eko ekainaren 12a

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen Batzar Orokorra