LESAKAN EROSKETAK EUSKARAZ!

Lesakako Euskara Batzordeak San Juan bezperan hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtero. Karrika edo inguru bat aukeratu ohi dugu, eta bertako etxeei errotulua paratzen diegu beren izenarekin. Ekimenak hagitz harrera ona izan du herritarren artean, eta euskarazko etxe izenak berreskuratzeko eta zabaltzeko ez ezik, euskararen aldeko sentsibilizazio lana egiteko ere balio izan digu.

Sentsibilizazio lan horretarako, euskararen aldeko mezu hori zabaldu eta jendarteratzeko, urtero, gai ezberdina aukeratzen dugu, hainbat arlotan eragin behar baita egoera hobetzeko. Duela bi urte 30 eta 50 urte bitartekoen hizkuntza ohiturengan eragin nahi izan genuen. Izan ere, helduen adin talde horretan euskararen erabilera apalagoa baita. Horretarako erabili genuen leloa badakizu, egizu izan zen. Joan den urtean herritarren jarreretan eragin nahi izan genuen Lehen hitza euskaraz leloarekin. Aurten, berriz, euskara eta arlo sozioekonomikoa lotu ditugu, eta gai nagusia euskararen erabilera, merkataritza eta zerbitzugintza izan da. Ostatu, denda eta mota guztietako zerbitzuetan euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, eta, bereziki, Bai Euskarari ziurtagiridunen eta euskararekin konpromisoa hartu duten establezimenduen lana aitortu.

Euskararen aldeko pauso ohargarriez ari gara, herritarrok hobekuntza gisa antzematen ahal ditugunak. Lehenbiziko hitza euskaraz errateko ohitura, agiriak eta fakturak euskaraz eskuratzea bezeroei, errotulazioa eta papertegia euskaratzea, barreneko dokumentuak, kontratuak eta nominak kasu, euskaraz izatea, etab.

Euskararen alde egindako lanagatik eskerrak eman nahi dizkiegu guztioi, eta herritarrak animatu nahi ditugu euskararekin konpromisoa hartu duten ostatu, denda eta zerbitzuak aukera ditzaten.

icon KARTELA

icon ZIURTAGIRIDUNEN ZERRENDA

Ttipi-ttapa-n agertutako berria