EUSKARA BORTZIRIETAN GOGOETA PROZESUA

Aurten euskara mankomunitatea osatzen dugunok Bortzirietako euskararen inguruko gogoeta egiten hasi gara. Gogoeta hori behar bezala egiteko, ordea, mankomunitateko batzordeetan parte hartzen dugun kideez gainera, bortz herrietako elkarte, eragile eta herritarrek gai honen inguruan duten iritzia eta bizipenak ezagutu nahi ditugu.

Geldialdia egin eta denon artean gure eskualdean euskarak bizi duen egoerari buruzko hausnarketa egitea beharrezkoa ikusten dugu: bakoitzak bere esparrutik, euskarak zer ematen dion, euskarari zer ematen dion aztertu eta aitzinera begira zer egin beharko genukeen, noren esku dagoen… jakin nahi dugu.

Beraz, prozesu honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.

Gogoeta egiteko bi saio antolatu ditugu, honako egun eta ordu hauetan:

1. saioa

  • Eguna: apirilaren 20a (larunbata)
  • Ordua: 10:00-14:00
  • Lekua: Toki Ona Institutua
  • Gaiak: Nola bizi dugu euskara elkartean/bizitzan/herrian…?
  • Euskararen egoera Bortzirietan: osasuntsu/eri?, non?, zertan?

2. saioa

  • Eguna: maiatzaren 4a (larunbata)
  • Ordua: 10:00-14:00
  • Lekua: Toki Ona Institutua
  • Gaia: Zer (egin) behar dugu eragileek/elkarteek/norbanakoek euskararen normalizazioan pausoak emateko?

Prozesu hau gidatzeko Elhuyar Aholkularitza enpresaren laguntza izanen dugu. Prozesu parte hartzailea izatea nahi dugu, denon iritziak eta denon parte hartzea bilatu nahi ditugu. Saioetan lau talde handi antolatuko dira, euskararen egoera arloka hobeto aztertzeko. Talde handietan ere talde txikiak eginen ditugu, lasaiago solastu ahal izateko.

Datozen lau urteetan (2014-2017) Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskararen normalizazioan eginen duen lana nondik nora joanen den denon artean aztertzea da helburua, iritzi eta ekarpen guztiak baitira baliagarriak.

icon Gonbidapen gutuna

Lesakako Udala