UDALEKU IREKIAK BORTZIRIETAN

Azken urteotan ohi denez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu, Dindaia Fundazioarekin batera.

Arantza, Bera, Etxalar eta Igantzin udalekuak uztailaren 1ean hasiko dira, eta hilabete horretako 26ra arte arituko dira. Lesakako kasuan, sanferminak direla-eta, udalekuak uztailaren 15ean hasiko dira, eta abuztuaren 9an bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak astelehenetik ortziralera izanen dira, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte.

Izen ematea

Izen ematea maiatzaren 20an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da maiatzaren 31ra arte, ortzirala. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www.bortziriak.eus), eta bertzea telefonoz deituta (948 634 125, 9:00etatik 13:00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Aurten izen emateko irizpideak aldatu egin dira. Udalekuetan lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek. Baldintza horiek betetzen ez dituzten neska-mutikoek ere izen ematen ahalko dute, baina itxaron zerrendetan geldituko dira, eta epea bukatu eta gero, taldeak antolatzen direnean, jakinaraziko zaie onartuak izan diren edo ez.

Matrikulari dagokionez, ume bat apuntatuz gero, 85 € balio du; bi anai-arreba baldin badira, 150 €; hiru anai-arreba izanik, 180 €. Dena den, plaza konfirmatu eta gero eginen da ordainketa.

Bi eskaintza

Udaleku irekietan adinaren arabera bi eskaintza egiten dira. Batetik, 3-7 urte bitartekoek udalekuetako ohiko ekintzak izanen dituzte. Bertzetik, 8-12 urte bitartekoentzat adin tarte horri egokitutako sormen tailerrak izanen dira, hau da, musika eta dantza tailerrak, ura eta naturarekin lotutako tailerrak, sukaldaritza, birtziklaia, txangoak, piratak, esku lanak…

Arrakasta handiko eskaintza

Urteak daramatza mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dutela erran daiteke. Azken urteotan 150 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan, eta hainbat begirale aritu dira lanean.

Mankomunitateak udalekuak antolatzeko helburu nagusia da neska-mutikoei udako oporraldietan eta aisialdia bezalako eremu informal batean euskaraz gustuko dituzten ekintzak eskaintzea. Egia da, bertzalde, gaur egun udaleku hauek funtzio sozial bat ere betetzen dutela. Izan ere, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoentzat abantaila da horrelako eskaintza bat izatea.

Izen Ematea