“Zertarako hegoak” antzezlana Beran, maiatzaren 18an, larunbatarekin, 20:00etan, Kultur Etxean.
Aurten Berria egunkariak 10 urte bete ditu, eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herrian barrena. Joan den urtean Zure ziztada behar dugu kanpaina abiatu zuten egitasmoa sendotu eta Berria lagunen sarea osatzeko, eta Bortzirietako euskara batzordeek euren ekarpena egin zioten ekimen horri. Babes kanpaina arrakastatsua ari da izaten, eta, zorionez, Berriaren 10. urtebetetzea ospatzeko moduan gaude.
Horretarako, Euskal Herriko hainbat herri eta txokotan kultur ekitaldiak ari dira antolatzen, “Zatoz gurekin ospatzera” izenburupean, antzerkiak, musika emanaldiak, etab. Heldu den larunbatean gure txanda izanen da. Metrokoadroka sormen laborategiak “Zertarako hegoak” antzezlana taularatuko du Berako Kultur Etxean. Sarrerak salgai izanen dira Beran, Errekalde tabernan, Ricardo Baroja eskolan, Labiaga ikastolan, Toki-Ona institutuan, eta, egunean bertan, Kultur Etxean, eta Lesakan, Arrano elkartean. Salneurriak honako hauek izanen dira: 5 € harpidedunentzat eta Berria lagunentzat (txartela erakutsi beharra dago eta bi sarrera gehienez eskuratu ahal izanen dute erdi prezioan), eta 10 € gainerakoentzat.