Ortziralean, azaroak 8, aurkeztuko du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2014-2017 epealdirako Euskararen Plan Estrategikoa. Aurkezpena Beran izanen da, Beralandetan, 18:30ean.
Plan hau osatzeko joan den otsailetik ekainera bitartean gogoeta parte hartzaile bat antolatu zuen Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Gogoeta prozesu horretan 100dik goiti lagun aritu ziren, banakako elkarrizketetan nahiz lan saio parte hartzaileetan, Elhuyar Aholkularitza enpresaren laguntzarekin. Prozesu horretan azken hamarkadetan Bortzirietan euskara normalizatzeko egin den lana aztertu zen, eta egoeraren diagnosia osatu zen. Horrekin batera, hurrengo urteetan euskararen egoera hobetzeko helburuak eta landu behar diren ildoak finkatu ziren.
Horiek oinarri hartuta, mankomunitateak datozen lau urteetarako plan estrategikoa osatu du, eta prest du herritarrei aurkezteko. Beraz, interesa duten guztiak gonbidatzen ditu ortziraleko aurkezpenera, eta bereziki gogoeta prozesuan parte hartu zutenei eta euskara batzordeetako kideei dei egiten die bertara joan daitezen. Ordubeteko aurkezpena izanen da.