BORTZIRIETAKO EUSKARAREN PLAN ESTRATEGIKOA ETA GOGOETA PROZESUA

EUSKARAREN LEHENAZ, ORAINAZ ETA GEROAZ GOGOETA

2013ko otsailetik ekainera bitartean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak gogoeta prozesua antolatu zuen. Prozesu horretan oinarrituta diseinatu da 2014-2017 epealdirako plan estrategikoa.

icon Bortzirietako Euskararen Plan Estrategikoa 2014-2017

icon Gehigarria Ttipi-ttapan

Parte hartze zabala

Gurpilaren teknikaren bidez, elkarri saioaren balorazioa egiten

Hagitz aberasgarria izan da gogoeta prozesuan lortutako parte hartze maila. Bortz herrietako gizon-emakumeak elkartu dira, gazte, heldu nahiz adinekoak, eta sentsibilitate eta arlo ezberdinetakoak. Prozesuaren hasieran egindako banakako elkarrizketak eta udaberrian egindako lan saioak kontuan hartuta, 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute.

Saio dinamikoak

Ibaiaren ariketaren bidez, bakoitzak euskararekin egindako ibilbidea azaltzen

Udaberrian egindako bi lan saioak hagitz dinamikoak izan dira. Saioen helburua izan da orain arte egindako bidea agerian jartzea eta baloratzea, eta horretan oinarrituta etorkizunean egin beharreko bidea marraztea. Hori guztia bertara bildutakoen ahotsekin eta haien iritziekin egin nahi zen, eta horretarako lan gehiena talde txikian egin zen eta hainbat jolas eta dinamika erabili ziren.

Orain artekoak oinarri

Denboraren lerroa ariketaren bitartez azken hamarkadei errepasoa egiten

Banakako elkarrizketetan nahiz lan saioetan errepaso zabala egin zaio azken hamarkadetan Bortzirietan euskara normalizatzeko egin den lanari. Urte horietan landu diren gaiak eta parte hartu duten eragileak zein izan diren ere aztertu da. Izan ere, beharrezkoa da orain arte egindako lana —zertan asmatu den eta zertan huts egin den— ongi aztertzea, etorkizunean landu beharrekoaren oinarria baita.

ZER LANDUKO DU PLANAK HURRENGO LAU URTEETAN?

Gogoeta prozesuan ateratako ideiak oinarri hartuta, eta azken urteotan landu diren eta segida izanen dute lan ildo batzuk gehituta, Bortzirietan euskara normalizatzeko plana osatu da, 2014-2014 epealdirako. Taulan ikus daiteke plana zein esparru landuko duen:

ESPARRUAK
1. Familia bidezko transmisioa
2. Euskalduntzea-alfabetatzea
3. Hezkuntza
4. Administrazioa
5. Arlo sozioekonomikoa
6. Aisialdia
7. Gazteak
8. Hizkuntz integrazioa
9. Kulturgintza
10. Komunikabideak eta teknologia berriak
11. Corpusa
12. Egoera soziolinguistikoa
13. Trebakuntza
14. Parte hartzea eta antolamendua

Nola garatuko da plana?

Esparru bakoitzak helburu batzuk ditu, lau urtetan betetzeko. Eta helburu horiek garatu ahal izateko esparru bakoitzean hainbat ekintza aurreikusi dira. Ekintza horietan zehaztua dago zein sektorerengan eragin nahi den, baita zein arduratuko diren ekintza hori garatzeaz ere. Izan ere, plana ez du mankomunitateak bakarrik garatuko, Bortzirietako hainbat eragilerekin elkarlanean egitekoa baita. Guztira 65 ekintza aurreikusi dira; horietako batzuk zehatz-zehatzak dira, une jakin batean antolatu edo gauzatuko direnak, eta bertze batzuk orokorragoak, lau urtean zehar garatzen joanen direnak.

Euskalgintza aktibatzea lehen helburu


Gogoeta prozesuan argi gelditu da Bortzirietako euskalgintza berraktibatu beharra dela. Herrietako batzordeak indartu beharra, sektore eta eragile gehiago erakarri beharra, elkarlana bultzatzea eta bereziki gazteen parte hartzea dira gehien aipatu diren ideiak. Plana garatzeko eta arrakastatsua izateko nahitaezkoa izanen denez eragile horien guztien inplikazioa, oraingo lan egiteko moldeak aztertzea eta berrikustea izanen da abian jarriko den lehen egitasmoa.

Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin


Gogoeta prozesua antolatzeko nahiz plan estrategikoa diseinatzeko mankomunitateak Elhuyar Aholkularitza enpresaren laguntza izan du. Elkarrekin egindako lana izan da, eta enpresa horren eskarmentua eta esperientzia baliagarriak izan dira prozesua bera diseinatzeko eta dinamizatzeko.

ZER DIOTE PROZESUAN PARTE HARTU DUTENEK?

Erran bezala, 100dik goitik lagun ibili dira gogoeta prozesuan. Hona hemen horietako zenbaiten iritziak:

Antton Erkizia (Bera)

Behar beharrezkoak ziren hausnarketa egunok. Agian, berantsia ere banengoen. Izan ere, eskema zaharretan ari gara lanean; joan deneko 30 urtetako eskema zaharrekin, nire idurikoz. Eta gizartea aunitz aldatu da urteotan.
Faltan? Freskotasun falta sumatu nuen hausnarketa horitan; proposamen “berriak” nahi nituen adittu, ideia berriak (oso zaila da, badakit; dena “asmatuta” dago).
Gazte franko bazen; poztu nintzen ikaragarri horretaz. Gaztediak du indarra norabidea iraultzeko. Beren iritziak eta beren baloreak kontutan, sentimenak, konplizidade sarea…adittu eta protagonismoa eman… kuadrilaz kuadrila behar bada…
NAHI du gazteak euskaraz bizi? NAHI ? Hau da galdera.

Aitziber Lizardi (Arantza)

Ekimenaren puntu fuerteetako bat Bortzirietako alor diferenteetako eragile eta herritarrak elkartzea izan zela uste dut: kulturgintzako jendea, hezkuntzakoak, gazteak, herrigintza eta euskalgintzako lagunak, merkatariak, hedabideetako kideak… Euskararen egoeraren balorazio on bat egiteko hagitz inportantea baita ikuspegi desberdinak kontutan hartzea. Egunerokotasunean pentsatzen jartzen ez garen egoera aunitzi buruz hausnartzeko aukera izan genuen eta saioak ikaragarri interesgarriak izan ziren. Modu honetako gogoetak sarriago egin beharko genituzke, eta ez daitezela hausnarketa hutsean gelditu. Proposatutako helburuak lortzeko lan egitea tokatzen zaigu orain.

Koldo Saenz (Lesaka)

Euskara mankomunitateak antolaturiko gogoeta prozesua interesgarria bezain beharrezkoa izan zen. Aunitzetan pentsatzen dugu, zonalde euskaldun batean bizitzeagatik, non jendearen gehiengoak euskaraz hitz egiten baituen, euskarak bere horretan jarraituko duela osasun onarekin bizirik. Zoritxarrez egoera ezberdina da eta euskara bi hizkuntza nagusik zapaldurik dirau, baita gurean ere. Euskara gaztelerarekin berdindua ez dagoela hagitz agerikoa da alor ezberdinetan, baina konkretuki gure alorrean (lan mundua), inon baino argiago ikusten da, egunerokoak lantegietan gazteleraz funtzionatzen baitu. Horregatik, aukeratu zen formatua (atalka edo sektorez sektore lan egitea) egokia iruditu zitzaidan, diagnostiko hobeago bat egiteko eta etorkizuneko estrategiak finkatzeko ere. Orain aitzinera begira atera diren ondorioekin lanean jarri behar dugu.

Mª Luisa Etxeberria (Lesaka)

Jardunaldietan izan nuen lehenengo inpresioa kopurua izan zen, jende multzo handia, gizarte esparru guzietatik zetorrena. Eta horien artean gazte aunitz, euskararen geroa.
Antolaketa eta lan egiteko modu dinamikoa izan zen, guztien iritziak eta aportazioak biltzeko gune aproposa izanik.
Irakaskuntzan gabiltzanon artean egungo hizkuntzaren kalitatea dugu kezkarik handienetako bat. Euskara irakatsi eta erabiltzeaz gain, zaindu egin behar dugu.
Jardunaldi hauetan eremu zabal bat ukitu da eta orain helburu zehatzak adosteko eta martxan jartzeko garaia dator.
Sentipenei dagokienez, pozik eta itxaropentsu eta, era berean, aitzinean dugun erronkari eusteko gogoz.

ZUEN GOGOETA, ZUEN PLANA

Helene Armentia (Elhuyar Aholkularitza)

Hainbat izan dira azken urte hauetan dinamizatu ditugun prozesuak. Herritarren parte-hartzea sustatzea izan da beti gure asmoa, batetik, herritarrek zer iritzi duzuen jakin nahi dugulako, zer egingo zenuketen jaso nahi dugulako, baina batez ere, zuen iritziak zuen bizipen eta esperientzietan oinarrituta daudenez, azken emaitza zuena dela sentitzea nahi dugulako. Horrela, euskararen garapena ere zuen esku egon dadin.
Euskarak urteotan aurrera egin badu, Euskal Herrian bezala, Bortzirietan ere, herritarrek erakutsitako konpromisoagatik izan da. Aurrera begirako estrategietan eta ildoetan zuen ekarpena jasotzea ezinbestekoa da, zuek izango zaretelako, aurrerantzean ere, euskarak bizirauteko tresna nagusia, euskaraz biziko zaretenak. Eta horixe egiten ahalegindu gara, Bortzirietan zuek euskararentzat zein toki nahi duzuen zehaztea. Zuen eskariak gauzatzen diren neurrian, handiagoa izango da zuek politika horiekiko agertuko duzuen gertutasuna eta inplikazioa.
Hala ere, herritarrek parte hartzea zaila dela ondo dakigu. Baina zorionez, herri guztiak ez dira berdinak eta haien historiak ere ez, eta hori argi geratu zait Bortzirietan, urteetan ongi egindako lanaren ondorio, zalantzarik gabe; euskararekin konprometitutako herritarrak zarete! Ez dut inoiz euskararekin loturiko parte hartzeko prozesu batean hainbeste jende ikusi. 100 lagun inguru elkartu zineten! Eta egia esango dizuet, askotan zailagoa da 10 laguneko taldea martxan jartzea zuek denak lanean jartzea baino. Badakit ez zela lan erraza izan eta astuna ere izan zela uneren batean, baina ederki egin zenuten lan, eta zeresanik ez gogoeta-prozesua antolatu eta zuen lana plan batean borobiltzeko ardura izan duten mankomunitateko teknikariek.
Planaren lehen urratsa eginda daukazue, espero dut hurrengo urratsetan ere hor izango zaretela, une batzuetan gertuago eta beste batzuetan urrutiago, baina euskara eta hura garatzeko plana zuena izango da beti.