Bortzirietako Euskara Mankomunitateak jostailuei buruzko hitzaldia eta erakusketa antolatu ditu datorren azaroaren 27rako (asteazkena), Berako Kultur Etxean. Hitzaldia 17:00etan hasiko da eta ordu bat iraunen du; ondotik, erakusketa ikusteko aukera izanen da, baita jostailuak probatzeko eta zalantzak argitzeko ere.
Erakusketa Dindaia Fundazioak prestatu du, eta Aitziber Sala izanen da solastuko den aditua.
Solasaldian honako gai hauek landuko ditu, batez ere Eguberriak eta opari garaia datozela kontuan hartuta:
- Nola aukeratu haurrarentzako jolasa? Nola aukeratu jostailu egokia?
- Zer nahi dute haurrek? Zer behar dute?
- Zein irizpide (kriterio) jarraitu behar ditugu?
- Nolako baloreak ari gara sustatzen publizitatearen bidez?
- Aukera benetan librea da? Zein bertze aukera egon daitezke?
- Jostailua jolaserako tresna da. Egin dezagun hausnarketa.
Hitzaldiak irauten duen bitartean haurtzaindegi zerbitzua izanen da (doan).