UDABERRIKO BESTAK IGANTZIN

Urtero bezala, Igantziko Euskara Batzordeak Udaberriko Bestak antolatu ditu. Aurten, maiatzaren 1ean hasi eta 4ra bitartean egitarau zabala izanen da.

Maiatzak 1, ortzeguna

Berrizaunera ibilaldi gidatua eginen da, auzo horretako historia eta hainbat toki ezagutzeko. Oskar Txoperenak erakutsiko ditu tokiak eta emanen ditu azalpen guztiak. Ibilaldia herriko plazatik abiatuko da, 10:00etan, eta hiru ordu iraunen du.

Arratsaldean “Igantzi kantari” saioa eginen da, herriko abesbatzak antolatua. Euskal kantu herrikoiak kantatuko dituzte abesbatzakoek eta nahi duten guztiek. Plazan bertan izanen da, 6:00etatik aitzinera. Horrekin batera, eta abesbatzak berak antolatua, opil jatea izanen da.

Ondotik, 20:00etan, Igantziko dantza taldearen emanaldia izanen da, frontoian. Emanaldi berezi hau joan den irailean istripuan hil zen Saioa Telletxea taldeko dantzariaren omenez eginen dute.

Maiatzak 2, ortzirala

Arratsaldeko 3:00etan abiatuta, haur eta gurasoen mendi irteera izanen da. Herritik Isasmendira joanen dira, gero Ziobira eta handik herrira bueltan, bidean berendatuta.

Gaueko 9:00etan Buah txabal! antzerki emanaldiaren DVD proiekzioa izanen da eskolan. Gaztetxoei zuzendutako antzezlan arrakastatsu hau berriki DVD formatoan prestatu dute, eta Igantziko eskolan ikusteko aukera izanen dute bertako gaztetxoek.

Maiatzak 3, larunbata

Goizean, 9:30ean hasita, Iñigo Segurola paisajistarekin lorezaintzari buruzko oinarrizko ikastaroa izanen da. Ikastaroak zati teorikoa izanen du, baina batez ere praktikoa izanen da. Herriko Etxean hasiko dira, zati teorikoarekin, eta bizpahiru ordu iraunen du.

Arratsaldeko 7:00etatik aitzinera trikipoteoa izanen da herriko trikitilari eta pandero-joleekin.

Ondotik, gaueko 11:00tan hasita eta herriko frontoian, kontzertuak izanen dira. Lehenik AZ/DZ talde irundarrak joko du; AC/DC taldearen bertsioak egiten dituen musika taldea da. Ondotik Gose taldea arituko da, trikitixa eta elektronika batzen dituen talde arrasatearra. Bukatzeko, Bad Sound System taldearen saioa izanen da; talde irundar honek reggae, dancehall eta ragga estiloak lantzen ditu.

Kontzertuak finantzatzeko errifa bat egin da, Igantziko Txillarrenea landetxean 6 lagunentzako egonaldia zozketatuko duena. Zozketa kontzertuen denboran eginen da.

Maiatzak 4, igandea

Arratsaldean eskolako 2. eta 3. zikloko ikasleen antzerki emanaldia izanen da. Ikasle horiek antzerkia lantzen dute emozio hezkuntzako programaren barrenean, Raul García irakaslearekin, eta aurtengo emanaldiaren zatitxo bat otsaileko emanaldi batean eskaini bazuten ere, emanaldi osoa maiatzaren 4an eskainiko dute, Baratzondon, 5:00etan.