“EUSKARAZ GARA” MOSAIKOA OSATUKO DUGU BORTZIRIETAN

Heldu den larunbatean, maiatzaren 31an, EUSKARAZ GARA hitzak bilduko dituen mosaikoa osatuko dugu Lesakan, egun horretarako Bortzirietako herritarrak parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Hitzordua Lesakan izanen da, esan bezala, larunbat eguerdiko 12:00etan Harriondoa Kultur Etxearen atarian. UEMAtik heldu da mosaiko hau osatzearen asmoa, izan ere ekainaren 14an Tolosan Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da eta egun horri begira antolatu dute EUSKARAZ GARA mosaikoaren ekimena.

Mosaiko nagusia Tolosan eginen da, ekainaren 14an, baina eguna iritsi bitartean UEMAko beste hainbat herrietan ere argazki erraldoi hori osatzeko proposamena jaso dugu. Bortzirien kasua da, horietako bat. Gure eskualdean EUSKARAZ GARA leloa osatzeko 133 pertsona behar dira, herri bakoitzetik honako kopurua beharko da maiatzaren 31an Lesakara joan eta 2 hitz horiek osatzeko: Arantzatik 21 lagun, Beratik 32, Lesakatik 33, Etxalartik 24 eta Igantzitik 23. Beheko loturan ikusiko duzue irudia nola geratuko den.

icon Mosaikoa Bortzirietan

Bortziriarrak Lesakako Harriondoa Kultur Etxearen atarian biltzeko deia egiten dute herrietako Euskara Batzordetatik eta UEMAtik. Arduradunek bertan banatuko dizkie herritar bakoitzari kartulina bana eta ondoren guztiak EUSKARAZ GARA hitzak osatzeko leku zehatzean jarriko dira, kartulinak eskuetan gora dituztela, argazkia ateratzeko. Gero mosaiko horren irudia eskualdeko hedabideetan argitaratu eta ikusi ahalko da. Mosaiko handiena Tolosan osatuko da ekainaren 14an, Udalerri Euskaldunen Egunean bertan.

Ekitaldi zabala prestatu dute Udalerri Euskaldunen Egunerako, goizeko 11:00etan kalejira, eguerdian ekitaldi nagusia izanen da, gero “Tolosa Kantari”, udalerri euskaldunetako abesbatzek lagunduta, ondoren herri bazkaria eta arratsaldean “Ane eta Piratak” Irrien lagunen ikuskizuna. Gau partean kontzertuak Ibarran gazte festak direla eta.

Udalerri Euskaldunen Egunean “Altzotik eta eltzetik, euskaraz gara” lelopean antolatuko den festa egunari lotutako ekimena da mosaiko hau osatzea. Aipatu egunaren helburua izango da udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua lau haizetara zabalduz, herritarren sentsibilizazioan eragin eta euskararen aldeko konpromisoak sustatzea.

Nagusiki euskaraz bizi gara udalerri euskaldunetako herritarrok. Horregatik, “Altzotik eta eltzetik, euskaraz gara” izango da Udalerri Euskaldunen egunerako leloa. Euskaraz alaiago, osasuntsuago eta erakargarriago garela erakutsi nahi diogu munduari.

Elkarlana da egunaren antolaketarako baliatuko dugun lanabesa. Eta horretan, Tolosatik abiatuta, bertako udal nahiz eragile sozialen inplikazioa bilatuko da. Tolosatik Tolosaldeara zabaldu eta Tolosaldeatik udalerri euskaldunetara jauzi eginez.