BORTZIRIAK. URAREN MAGALETIK, EUSKARAREN BIDEAN DOKUMENTALAREN ESTREINALDIA

Datorren larunbatean, azaroak 29, aurkeztuko du mankomunitateak, Labrit Multimediarekin lankidetzan, prestatu duen dokumentala. Estreinaldia Berako Kultur Etxean izanen da, 7:30ean.

Dokumentalak Bortzirietako adineko hainbat gizon-emakumeri 2006-2008 bitartean egindako grabazioak ditu ardatz. Horietan oinarriturik, gaur egungo bortziritarren parte hartzearekin, herri bakoitzaren ohiturak, paisaia, bizipenak… jaso dira.

Horiek guztiak lotzen ditu amuarrain protagonistak Beratik Arantzaraino eginen duen ibilbidean, eta argi erakutsiko du nola osatzen den Bortzirietako izaera herri guztien artean, nola eutsi dien eskualdeak lehengo ohiturei, eta nola den, aldi berean, bizi-bizirik dagoen eskualdea, lehen eta orain, euskaraz.

Erabat parte hartzailea izan da dokumentalaren grabazioa. Beren testigantzak eman zituzten 50 gizon-emakume horiez gainera, bertze horrenbertze lagunek parte hartu dute grabazioetan, dokumentalaren ideia eta gidoia lantzen edota horretarako behar izan den materiala utziz.

Dokumentalaren aurkezpena eta estreinaldia Beran eginen bada ere, ondotik bertze lau herrietan ere emanaldiak antolatuko dira. Lehena Igantzin, abenduaren 8an, 18:00etan, eskolan. Ondotik, Arantzan, Etxalarren eta Lesakan, abenduaren 13an. Emanaldi guztien ondotik DVDa erosteko aukera izanen da.

Bortziriak. Uraren magaletik, euskararen bidean TRAILERRA