Oztopo guztien gainetik euskaraz biziko gara lelopean manifestazioa antolatu du Kontseiluak heldu den larunbaterako, otsailaren 28rako, Donostian. Nafarroako euskalgintzak ere manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Iturria: Uema eta Kontseilua
Mezu bat ari zaigu errepikatzen behin eta berriro: Ez zarete nor, ez zarete askeak, euskaraz bizitzeko neurriak hartzeko!! Azken asteotan behin eta berriro, eta are eta indar handiagorekin, ari zaigu hori gogorarazten: Estatuetako ordezkariek Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana epaitegietara eramanez, UEMAko hainbat udali aktak euskaraz idazteagatik helegiteak jarriz, Ipar Euskal Herriko ikastolei elkartasunezko diru-laguntzak baliogabetuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako euskara dekretuak auzitegietara eramanez. Estatuetako ordezkariek ez ezik, Nafarroako Gobernuak ere bide bertsuari ekin dio, besteak beste, Baztango Udalak onartutako euskara planari helegitea tartekatuz.
Euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko hartzen diren erabakien zein neurrien kontrako erasoaldi gero eta bortitzagoa pairatzen ari gara, hain zuzen ere gure nahia, gure etorkizuna, haien esku dagoela gogorarazi nahi digute oztopoen zein ukazioaren bidez, edota euskarari berari balioa kenduz.
Halere, egoera hori irauli egin behar da. Honez gero, hainbat udalek oztopoei aurre egin eta haien jardunari eusteko determinazioa erakutsi dute. Determinazio hori txalotu eta babestu behar dugu, euskaraz bizi nahi duten herritarrak alboan behar dituzte, eta urratsa eman ez dutenei ere dei egin behar diegu gure nahia errealitate bihurtzeko urrats berriak eman ditzaten.
Norbanako, eragile, erakunde, instituzio guztien determinazioa da oztopo hauei guztiei aurre egiteko dugun bide eraginkorrena. Guztiok batera lortu egingo dugu. Ez dago gure arteko batasunaren indarra geldituko duen ezer. Bada garaia urratsa emateko: Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!