Urtearen hasiera honetan Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskalgintzako hiru eragilerekin hitzarmenak berritu ditu.
Batetik, azken urteotan egin bezala, Bortzirietako Euskaltegiarekin sinatu du hitzarmena, urtebeteko iraupenarekin. Euskaltegiak, Bortzirietako herritarrak euskalduntzen eta alfabetatzen egiten duen lanagatik, 28.000 euro jasoko ditu mankomunitatetik.
Bertzetik, Nafarroako Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin ere hitzarmena berritu du. Kasu honetan Solaslagunaren proiektuaren inguruko hitzarmena da, proiektu hori Topaguneak kudeatzen baitu. Hitzarmen hau ere 2017an garatuko da, eta 7.260 euroko gastua du.
Azkenik, mankomunitateak Nafarroako Bertsozale Elkartearekin zuen hitzarmena ere berritu du. Hitzarmen hau ere urte baterako sinatu da, baina kasu honetan, bi aldeak ados egonez gero, lau urtera arte luza daiteke. Mankomunitateak urtean 11.800 euroko diru laguntza emanen dio elkarteari, eta horren truke elkarteak Bortzirietako Bertso Eskolaren jarduna kudeatuko du. Hain zuzen ere, hiru jarduera dira diruz lagunduko direnak: lehena, ikastetxeetan garatzen den “Bertsolaritza irakaskuntzan” programaren zati bat finantzatuko du mankomunitateak; bigarrena, bertso eskolen jarduna finantzatuko du; azkenik, bertso eskolak antolatu ohi dituen bertzelako ekitaldiak, sariketak, topaketak eta saioak ere finantzatuko dira hitzarmen honen bitartez.