Bortzirietako IKA euskaltegiak, 16 orduko hika ikastaroa eskainiko du apiriletik ekainera. Bi orduko saio hauek gidatzeaz Beñardo Goietxe irakaslea arduratuko da ortziral arratsaldetan. Oinarrizko formak landuko dira ikastaroan, bai euskara batuan bai bertako euskalkian.
Hika ikasteko, berreskuratzeko edo fintzeko interesa duen edonorentzat prestatuta dago ikastaroa; hutsetik hasten direnak ez dira galduko, eta lehenagotik zerbait dakitenek ere aunitz ikasiko dute.
Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera ibili da IKA euskaltegia elkarlanean, baina baita Solaslaguna programarekin ere; ikastaroari segida eman nahi diote antolatzaileek, Bortzirietan hikalagun taldea sortuz. Etorkizunean guttienez lagun talde bat astero elkartzea da asmoa, hika solasteko ohiturarik gal ez dezaten.
Izen-ematea apirilaren 19ra arte egonen da zabalik, eta 948 637 796 telefonora deitu edo bortziriak@ikaeuskaltegiak.eus helbidera idatzi bertzerik ez da egin behar.