Dokumentalaren aurkezpenak: irailaren 12an Beran eta irailaren 13an Lesakan.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak, IKA euskaltegiekin elkarlanean, helduek euskara ikasi eta hobetzeko kanpaina prest dute.
Kanpaina euskaraz ez dakitenei eta pixka bat dakitenei zuzendua da, baita ikasten ari direnei ere. Baina herritar ororen interesekoa da.
Izen emateko epea zabalik egonen da irailaren 2tik 30era, Bortzirietako eta Malerrekako IKA euskaltegietan. Mankomunitateetako dirulaguntzei esker, Bortzirietako eta Malerrekako biztanleek euskara doan ikasteko aukera dute.
Dokumentala
Aurtengo kanpainarako dokumental bat ekoiztu da propio. Ez da dokumental faltsua, guztiz serioa baizik. Eskualdeko hiru lagunen lekukotzak bildu dituzte: euskara ikasten hasi berria den batena, dagoeneko tarteko urratsean den ikasle batena, eta bere ikasketa prozesua burutu duen bertze batena.
Aurkezpenak
Dokumentalaren aurkezpenak izanen dira kanpainaren ekitaldi nagusiak. Hiru emanaldi izanen dira, eta ondoren berendua izanen da.
BORTZIRIAK
Irailaren 12an, ortzegunarekin, Beran, Beralandetan, 19:00etan.
Irailaren 13an, ortziralarekin, Lesakan, Harriondoan, 19:00etan.
MALERREKA
Irailaren 13an, ortziralarekin, Donezteben, Zineman, 19:30ean.