“Hari izpia hartzen. Euskal kulturaren erronkak” izeneko jardunaldia antolatu du Nafarroako toki entitateetako euskara teknikarien sareak datorren urtarrilaren 24rako.
Euskal kultur sorkuntza eta kultur produkzioa, aberatsak izanik ere, maizegi herritarrengana ez direla iristen oharturik antolatu du jardunaldia teknikarien sareak. Areago, euskaraz egiten den kultura badenik ere ez daki jende anitzek, eta dakienak ere maiz bigarren mailakotzat ikusten du. Nafarroako egoera soziolinguistikoak, gainera, aregotu egiten du hori.
Teknikarien sarea gogoeta horretan ari zela, konturatu da kezka ez dela sarearena bakarrik, jende ugari ari dela galdera bertsuei erantzuna bilatu nahian.
Horietxek dira jardunaldia antolatzearen arrazoiak. Jardunaldiaren bitartez gogoeta zabaldu nahi dute interesa duten guzien artean, euskal kultura euskal herritarrengana hurbiltzeko zer egin daitekeen hausnartzeko; hari izpia behar den tinkotasunez hartu eta poliki-poliki tiraka hasi, euskal kultura indartuz euskararen ezagutza eta erabileran ere eragiteko asmoarekin.
Jardunaldia Elkar Fundazioarekin eta Karrikiri Elkartearekin batera antolatu dute. Erran bezala, urtarrilaren 24an izanen da, Iruñeko Kondestable Jauregian. Egitaraua eta izen ematea hemen: