Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Nafarroako bertze 21 toki entitatetako euskara zerbitzuekin batera, Etxepare saria antolatu du 2004az geroztik. Horren bitartez haurrentzako euskarazko albumak saritzen dira.
Aurtengoan lan irabazlea Sandra Garayoa Cotera eta Itziar Otegi Aranbururen Lorerik Gorriena albuma izan da. Albumak gutako bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunek, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…
Aurtengoa ediziorik emankorrena izan da, sarira 35 lan aurkeztu baitira. Beraz, lan ederra izan dute epaimahaia osatu duten kideek, Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak.
Irabazleek 5.000 euroko saria jasoko dute, eta saritutako lana argitaratua izanen da. Pamiela argitaletxea arduratuko da hortaz, eta 2020ko udazkenerako plazaratzea aurreikusten da.
Xehetasunak hemen: