Zertan da euskararen erabilera Bortzirietan? Zein izan da bilakaera azken urteotan? Nolako emaitzak ditugu herriz herri? Eta adin taldeei zein generoari dagokionez? Badira aldeak? Eta emaitza horiei begiratuta, zertan eragin beharra dugu? Non daude indarguneak, non hutsuneak, zertan paratu lehentasunak? Galdera hauei eta bertze batzuei erantzuteko, aurkezpen saioa antolatu du euskara mankomunitateak.
EGUNA: Irailaren 4an, ortziralearekin.
ORDUA: 18:00etan.
TOKIA: Harriondoan, Lesakan.
IRAUPENA: 1:30′
PARTE HARTZAILE KOPURUA: 20 lagun gehienez. Bertaratzea aldez aurretik jakinaraztea eskertzen da.
2019ko urrian Bortzirietako hizkuntza erabileraren kale-neurketa egin zen, euskara mankomunitatearen eskariz. Aspaldi hasi zen mankomunitatea bere kabuz euskararen erabileraren neurketak egiten (iazkoa 13 neurketa da, lehenbizikoa 1994an egin zen).
2019ko neurketak, bi berrikuntza nagusi ekarri zituen. Batetik, euskara mankomunitateak Soziolinguistika Klusterrari eskatu zion neurketa egitea, Euskal Herriko kale-neurketez arduratzen den erakundeari. Bertzetik, neurketa orduak handituta, eskualde mailako datu adierazgarriak ez ezik, herriz herriko datuak ere eskuratu ziren, alegia emaitza sendo eta fidagarriak.
Euskararen erabilera zertan den ezagutzeko eta lehentasunak non paratu behar diren jakiteko balio dute gisa honetako ikerketak. Izan ere, kale-erabileraren neurketek, euskararen erabileran indarguneak eta hutsuneak agerian uzten dituzte. Hartara, euskara mankomunitateak emaitzen gaineko gogoeta eragin nahi du herritarren artean.
Horretarako, aurkezpen saioa antolatu du, bi zati izanen dituena.
Lehenbizikoan, Soziolinguistika Klusterreko Maialen Iñarrak, Bortzirietako ikerketa zuzendu zuenak, emaitza nagusiak aletuko ditu, Bortzirietakoak, herriz herrikoak, adin taldeka, generoaren arabera, eta abar.
Bigarrengoan, dinamika erraz baten bidez eta taldeka, datuen gaineko irakurketa partekatua eginen da.
Euskara mankomunitatea bere bigarren plan estrategikoa prestatzeko lanetan ari da, eta bide hori herritarren parte hartzearekin osatu nahi du. Horretarako, irailaren 18an gogoeta saio parte hartzailea izanen da, Beran, 17:00etatik aitzinera. Kale-erabileraren neurketaren emaitzen aurkezpena eta bertan eginen den gogoeta baliagarria izanen da plan estrategikoari buruz eginen den saiorako, beroketa gisa.