2020ko ekainaren 30ean iragarri genuen 2020ko Etxepare sariaren irabazlea Uharten, Arte Garaikideko Zentroan. Sandra Garayoak eta Itziar Otegik eskuratu zuten saria, LORERIK GORRIENA obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 53 lanen artetik —inoizko ediziorik emankorrena—; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.
OBRA
LORERIK GORRIENA albumak gutako bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…
Aurtengo edizioan, epaimahaikide aritu dira Etxepare sarian Leire Salaberria (ilustratzailea), Patxi Zubizarreta (idazlea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina). Bertzeak beste, honakoak azpimarratu zituzten obra honi buruz:
- Ipuin tradizionalen onena jaso, eta gaur eguneraino dakar haien leinua. Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Edo agian bitartekariak berak (dela guraso, irakasle, izeba edo aitatxi), jasoko duen irakaspenik handiena.
- Testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia.
Indar handiko irudiak sortu ditu gama kromatiko oso neurtu batekin. Gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin. Testura eta trazuekin jolastu du, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz.
Xehetasun gehiago fitxa teknikoan: Lorerik gorriena Fitxa
Bortzirietako Euskara Mankomunitatea Etxepare Sariaren antolatzaile da, Nafarroako bertze toki entitate hauetako euskara zerbitzuekin batera.