Nafarroako euskara teknikarien sareak antolatuta, 2020ko urtarrilean lehen aldiz Hari izpia hartzen izeneko jardunaldia egin zen, Iruñean, Nafarroan euskal kulturak dituen erronkak aztertzeko asmoz. Horri jarraipena emanez, 2021 urtean II. eta III. jardunaldiak antolatu dira, Atarrabian eta Leitzan. Izen ematea zabalik dago.
Beraz, lehen edizioaren arrakasta ikusita eta mahai gainean jarritako gaiei tira eginez, 2021ean bi saio antolatu dira, gaiarekin interesa dutenak elkartu eta gogoeta kolektiboarekin jarraitzeko. Ikusgarritasuna eta prestigioa izango ditugu aztergai maiatzeko saioan; eta lurraldea eta kultura uztailean.
Mundu globalizatuan bizi garen honetan, gurea bezalako kultura eta hizkuntza gutxituek gero eta zailtasun handiagoak dituzte nabarmentzeko. Gutako edozeinek mundu mailako kultura du eskura eta hizkuntza handietan datorren eskaintzaren aurrean lekua egitea ez da samurra euskararen tamainako kultur eskaintzarentzat.
Zaila izateak, ordea, ez dakar ezinezko izatea. Euskarak, bere eremuan, kalitatezko eta erakargarri izan behar du, ikusgarritasuna eta prestigioa lortu behar ditu. Euskaraz sortzen den kulturak badu kalitatea, bertze edozein hizkuntzetan garatutakoaren pare dagoela erran dezakegu inongo zalantzarik gabe. Baina kultura gutxitua izateak, aunitzetan, bigarren mailako bihurtzen du, prestigiorik gabeko, eta pertzepzio hori aldatzea ezinbertzekoa da. Horretarako garrantzi handia du ikusgarri izateak, inguruko bertze kulturen pare agertzeak, eta horretan dugu erronka, ziur baikara, ikusgarri eta eskuragarri izanik, euskal kultura bizi eta gozatzea lor daitekeela, eta zenbat eta gehiagok egin bere, orduan eta prestigio handiagoa izanen duela.
Ikusgarritasuna eta prestigioa antolatu ondoren, udan, kultura lurraldeari lotuta aztertuko da. Euskal kulturak lotura du lurralde jakin batekin, eta izan daiteke lurralde horren garapenerako elementu garrantzitsua. Horixe da uztaileko saioan aztergai izanen dena, nola egin kultura izan dadin lurralde baten garapenerako elementu.
Bi gai bi gogoeta saiorako. Indarrak bildu eta gogoeta kolektiboen bidez aitzinera egiteko bidea topatzeko asmoz. Ziur baikara elkar hartuta aritzeak bide emango digula etorkizuna hobeko lantzeko.
Atarrabia-2021-HARI IZPIA HARTZEN-Prentsa-oharra
Leitza-2021-HARI IZPIA HARTZEN-Prentsa-oharra
Izena emateko euskarria Atarrabia
Izena emateko euskarria Leitza