Urtero bezala, irailaren 1etik 30era Bortzirietako euskaltegian izena emateko epea zabalduko da. Ikasturte berri bat hasiko da, erronka berriak planteatzeko une aproposa.
Euskara ikasteari ekitea, orain arte ikasitakoa finkatzea eta lortutako maila hobetzea erronka pozgarriak izaten ahal dira. Euskara ikastea inbertsio segurua da beti, kulturan, harremanetan, lan aukeretan, eta, azken batean, etxean gusturago sentitzeko.
Bortzirietako euskaltegiak esperientzia handia du helduen irakaskuntzan, eta maila guztietako ikastaroak eskaintzen ditu. Euskaltegia hagitz errotua dago eskualdeko bizitza sozial eta kulturalean. Informazioa eta matrikulazioa: 948 63 77 96
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskara sustatzea du helburu, eta euskara ikasteko %100eko dirulaguntza eskaintzen die Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan erroldatutako pertsona guztiei. Euskara ikasteko dirulaguntzei buruzko informazio gehiago eta dokumentazio guztia, hemen.
Matrikulazio kanpaina sustatzeko ekitaldia Lesakan.
Irailaren 16an, ortzegunarekin, 19:30ean hasita, Lesakako Harriondoan, “Arkanbele kantak: poema errezitaldi musikatua eta irudiz lagundua” ekitaldia antolatu dute Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bortzirietako Euskaltegiak. Mikel Tabernak bere azken liburuko olerkiak errezitatuko ditu, Joseba Irazoki eta Oier Fuentes lagun dituela.