Ongi etorri Arantzara!

Joan den irailaren 29an, ortzegunarekin, 18:00etan hasita, Arantzara azken hilabeteotan bizitzera etorritako herritarrei ongi etorria emateko saioa izan zen herriko etxean, euskara eta hizkuntza zein kultura aniztasuna ardatz hartuta.

Guztira, 18 lagun elkartu ziren herriko etxeko aretoan, hagitz giro onean, elkarren berri izateko eta esperientziak elkar trukatzeko. Bileran parte hartu zuten alkateak, euskara mankomunitateko lehendakariak, herritar harreragileek, eta azken hilabeteotan Arantzara bizitzera etorritako 10 herritarrek, jatorri, kultura, eta ibilbide askotarikoak. Guztiek aipatu zuten Arantzan gustura sentitzen direla eta adierazi zuten euskara eta euskal kulturarekiko interesa.

Saioari kantari ekin zioten. Kattin Madariaga bertsolariak bertso jarri batzuk prestatu zituen, eta pantailan izan ziren ikusgai, euskaraz eta itzulpenarekin. Gonbidatuek kopia bana hartu zuten eta etxera eraman zituzten bertso paperak oroigarri gisa.

BERTSOAK

Arantzako alkate Dabit Iturriak euskara eta herri euskaldunak izan zituen hizpide. Gonbita egin zien bertaratuei euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko.

Rosa Maiz, Arantzako eskolako irakaslea, haurrek euskara ikastearen garrantziaz eta eskolako martxari buruz aritu zen.

Leire Mitxelenak, euskara mankomunitateko lehendakariak, mankomunitatearen egitekoa zein den azaldu zien bertaratuei. Bereziki azpimarratu zuen euskara mankomunitateak % 100ean diruz laguntzen duela euskara ikastea.

Ondoren, gonbidatuek hartu zuten hitza. Guztiak solastatu ziren eta azaldu zuten nondik heldu diren, jatorrizko hizkuntza eta kulturak, lanbideak, asmo eta ametsak, eta abar. Saioa bera antolatu izana eskertu zuten. Honakoak dira bertaratu ziren herritarren jatorriak: Euskal Herria, Espainia, Nikaragua, eta Honduras.

Euskara teknikariak, bere aldetik, euskararen inguruko informazio eta baliabideen berri eman zien bertaratuei.

Bukatzeko, berendua izan zen; zerbait ere jan eta edan bidenabar solastatzen segitzeko eta elkar ezagutzeko parada izan zuten bertaratuek. Asmoa da tankera honetako saioak urtean behin egitea, azken aldian herrira bizitzera etorri diren herritarrei ongi etorria emateko.