- Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, Pello Apezetxea Zubiri ikertzaile eta euskaltzalea omentzeko bekaren lehen edizioa antolatu du.
- Deialdi honek bi helburu ditu: batetik, Apezetxea omentzea; bertzetik soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea.
- Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izanen dira deialdira, maiatzaren 31 baino lehen, eta bekadunak 7.000 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.IRUÑEA (2023-04-26). Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa bekaren lehen edizioaren aurkezpena egin dute gaur Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak eta Sagrario Aleman Astitz Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkariak. Deialdi honek bi helburu ditu: batetik, Apezetxea omentzea; bertzetik, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenaren emaitza da beka hau.
Deialdiaren ezaugarriak
Pello Apezetxearen ikerketa esparruak kontuan hartuta, honako ikerketa gaiak proposatu dituzte lehen deialdian.
- Soziolinguistika: Tokiko hedabideen eragina euskararen biziberritzean // Helduen euskalduntzea: ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan // Immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara udalerri euskaldunetan // Gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako haurren artean.
- Dialektologia: Bortzirietako hiztegia // Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak.
- Onomastika: Toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena.
Aukerako gai horiez gainera aipatutako hiru arloekin zerikusia duten bertzelako gaiak ere proposatzen ahal dira.
Beka emateko orduan, epaimahaiak inguruko errealitatearekiko hurbiltasuna eta aukeratutako eremuan nahiz Bortzirietan aplikatzeko bideragarritasuna izanen ditu kontuan, bertzeak beste. Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izanen dira bekaren deialdira, eta maiatzaren 31ra arteko epea izanen dute proposamenak aurkezteko. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea izanen dute ikerketa garatzeko. Bekadunak 7.000 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik. Bekaren oinarriak mankomunitatearen webgunean topa daitezke.
Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932 – Etxalar, 2022)
Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932-Etxalar, 2022) arlo aunitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean ohorezko euskaltzain izendatua izan zen.
Bere bizitzaren zatirik handiena Bortzirietan, Etxalarren, eman zuen, eta ezinbertzeko erreferentea da eskualdean euskara biziberritzeko prozesuan. Etxalarren bertan, ikastolaren sorreran, eskolan euskarazko hezkuntza ezartzeko prozesuan; eskualdean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, tokiko komunikabideetan, etab.
Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Geroztik ere, mankomunitatearen ibilbide osoan, osasunak eragotzi zion arte, Etxalarko Euskara Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zen. Hortaz, mankomunitateak Pello Apezetxea zena omentzeko xedez antolatu du ikerketa beka hau.