Ekainaren 30era arteko epea zuten iazko uztailaren 1etik hasita euskara ikastaroetan ibili diren eta Bortzirietan erroldatuak diren herritarrek mankomunitateari dirulaguntzak eskatzeko. Eskaera guziak azterturik, mankomunitateak 8.410,00 euro banatu ditu baldintzak betetzen dituzten 72 eskatzaileen artean (lehendakariaren 23/2023 ebazpena).
Horietatik 54k dirulaguntza aitzinatzea eskatu zuten, eta, beraz, matrikula gastuaren % 75eko dirulaguntza jaso zuten iazko azaroan (lehendakariaren 25/2022 ebazpena); beraz, eskatzaile horiek ikastaroetan izan duten bertaratzearen arabera jaso dute dirulaguntzaren bigarren zatia. Bertze 18 eskatzaileen kasuan, ikasturte osoari dagokion dirulaguntza jaso dute, betiere bertaratzearen arabera.
Eskatzaile batek ez du dirulaguntzarik jasoko, baldintzak betetzen ez dituelakoz. Eta bertze batek, berriz, hasieran jaso zuen laguntza, bere matrikularen gastuaren % 75, itzuli egin beharko dio mankomunitateari, ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar zuen dokumentazioa ez aurkezteagatik.
Hemendik aitzinera dirulaguntza eskatu nahi duten euskara ikasleek dagoeneko indarrean den 2023-2024 ikasturterako deialdia hartu beharko dute kontuan. Deialdi horrek 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era arte egindako ikastaroak hartuko ditu, bai udako barnetegiak edota ikastaro trinkoak, baita 2023-2024ko ikasturte berriko bertzelako ikastaroak ere.