Ekimena Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu dute, aurtengoan Euskaltzaindiarekin lankidetzan.
Programazioari hasiera emateko, Euskara ibiltaria erakusketaren irekiera ekitaldia izanen da, Berako kultur etxean, azaroaren 27an, 18:00etan. Herritarrek erakusketa hori modu gidatuan ikusteko aukera izanen dute azaroaren 29an, 18:30ean. Horretarako aitzinetik izen eman behar dute, mankomunitatera idatzita (euskara@bortziriak.eus / 680650650). Edonola ere, erakusketa irekia egonen da, norbere kabuz bisitatzeko, abenduaren 3an, 6an eta 8an ere, 11:00-13:00 bitartean.
Erakusketaz gainera, ekimen honetarako espresuki prestatutako kultur emanaldia ere izanen da. Edu Zelaietak, Beñardo Goietxek eta Raul Garcíak landu duten emanaldia, hain zuzen ere, “Euskararen hiru titiak eta bertze istorio miresgarri batzuk” izenburu duena. Kasu honetan Beralandetan izanen da, abenduaren 1ean, 19:00etan.
Euskara ibiltaria erakusketa
Erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da eta, atlasak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu erakusketak (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Horretarako, erakusketa bortz atal nagusitan dago banatua -Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza-, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.