Turistei eta bisitariei gure eskualdeko hizkuntza errealitatearen berri ematen dien “Ongi etorri, hemen euskaraz bizi gara!” gidatxoa berrargitaratu dute Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Euskara Zerbitzuek. Aste Santuko oporraldiaren aitzinetik banatuko da hiru eskualdeetako turismo bulego eta toki turistiko garrantzitsuenen bitartez, baita euskara zerbitzuen bitartez ere.
Argitalpenak Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako hizkuntza errealitatearen berri ematen duen azalpen labur bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Azalpenean azpimarratzen da eskualde hauetan euskara hizkuntza bizia dela, eta horrez gain, bisitariei ahal duten neurrian euskara erabiltzeko gonbita egiten zaie. Horretarako oinarrizko hiztegi bat erantsi da, gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelesera itzulia. Gida hau bi formatutan eskura daiteke: paperean (aipatutako tokietan) eta euskarri digitalean pdf interaktibo honen bitartez: OngiEtorri_PDF_INTERAKT 2024
Euskara zerbitzuek Uraren Bailarak eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoaren laguntza jaso dute argitalpena turisten artean banatzeko.
Prentsa oharra: Turistentzako argitalpena