Euskarak Bortzirietan duen egoerari buruzko txostenean azken 20 urteotako bilakaera lantzen da. Euskararen ezagutzaren eta erabileraren inguruko azken datuak biltzen dira bertan, 2021ekoak, eta bilakaeraren inguruko irakurketa egiten da.
Honako eduki nagusiak jorratzen dira azterlanean: demografia eta jatorri aniztasuna, euskararen ezagutza, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, eta euskararen erabilera. Bortzirietako datu orokorrak eta herriz herrikoak lantzen dira, adin taldeei dagozkienak, generoaren araberakoak, eta abar.
Aurkezpena Lesakan
Martxoaren 19an bilakaera soziolinguistikoari buruzko emaitza nagusiak aurkezteko saioa egin zen Lesakan. Datuen aurkezpenaz eta irakurketaz gain, bertaratuek hizpide izan zituzten emaitza edo datu nabarmenenak, baita euskararen biziberritzean esku artean ditugun erronkak ere.
Hurrengo urratsak
Aurten euskara mankomunitatearen egungo plan estrategikoaren azken urtea izanen da eta laster plan berria diseinatzeko tenorea ailegatu da; horretarako ezinbertzeko abiapuntua izanen da euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa. Horrez gain, euskara mankomunitateak herriz herriko egoeraren inguruko saioak antolatzeko aukera aurreikusten du, horretarako interesa izanez gero. Izan ere, egoera soziolinguistikoaren inguruko ezagutza sozializatzea bada helburuetako bat, herritarrek euskararen normalizaziorako erronka nagusien kontzientzia izan dezaten.