Maiatzaren 25ean Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun besta ospatu zuten Beran. Arratsalde partean hasita eta gauerdira arte herritarrek elkar ezagutzeko eta gozatzeko parada izan zuten, giro alaian, euskara erdigunean, gurera bizitzera heldu diren herritarrek dakarten aniztasuna aitortuta.
Arratsaldeko 17:00etan Berako herriko etxean harrera egin zieten azken hilabeteotan Berara bizitzera etorri diren herritarrei; Euskal Herrian, Argentinan, Nikaraguan eta Venezuelan sortutako herritarrak elkartu ziren. Hasteko, bi bertso kantatu zizkien euskara mankomunitateko ordezkariak etorri berriei. Jarraian, alkateak hartu zuen hitza. Ongi etorria eman zien herritar etorri berriei eta euskararen biziberritzeari buruzko azalpenak eman zizkien. Euskara mankomunitateak berariaz etorri berriei harrera egiteko egin zuen bideoa proiektatu zuten. Behin bideoa ikusita gonbidatuek hitza hartu zuten eta bat banaka euren burua aurkeztu zuten, nondik heldu diren, euren ibilbidea zein izan den, euren asmoak diren, eta abar. Hagitz une hunkigarria izan zen eta guztiek aipatu zuten gustura sentitzen zirela Beran eta eskertu zuten ongi etorri saioa antolatu izana. Ongi etorri saiora bertaratu ziren harrera egitera udal ordezkariak, euskaltegiko irakaslea, teknikaria, eta abar.
Bestako bigarren ekitaldia bisita gidatua izan zen, Herriko Etxeko plazatik hasi eta Altzateko plazaraino egin zutena. Herriko historiari buruzko kontuak eta gaur egungoak izan zituen mintzagai, herriko etxe eta txoko adierazgarrienak erakusteaz bat: herriko etxea, eliza, Itzea, Altzate, eta abar. Arratsalde eguzkitsua izan zuten lagun eta Toki-Onako estalpean bukatu zuten. Bai herriko etxeko saioa, bai bisita gidatua euskaraz egin zituzten eta aldi bereko itzulpenarekin.
Besta eguneko ekitaldi jendetsuenak Toki-Onako estalpean izan ziren. Dantza tailerra izan zen lehenbizi. Bisita gidatuan parte hartu zutenek zein bertze herritar batzuek dantzan aritu ziren, Gure Txokoako dantzarien gidaritzapean. Pare bat dantza ikasi zituzten eta ederki pasa zuten. Batzuk dantzatu bidenabar, bertze batzuk janari dastaketarako mahaiak eta ostatua prestatzen aritu ziren.
Ondoren janari dastaketa izan zen. Dantza tailerra bukatzerako hasi ziren etortzen jaki goxoekin mahaia paratzera animatu zirenak: Euskal Herriko, Kataluniako, Dominikar Errepublikako, Argentinako, Ekuadorreko eta Brasileko jaki eta edari goxoak dastatu ahal izan zituzten bertaratuek. Gustura aritu ziren solasean jan eta edan bidenabar, eta kontzertua hastear zenean baino ez zituzten altxatu mahaiak.
Bukatzeko, “La Jodederaren” kontzertua izan zen; Karibe aldeko doinuekin ederki alaitu eta mugiarazi zituzten gerri bueltak. Kontzertua iragarri baino zertxobait beranduxeago abiatu zen, baita aurreikusi baino dezente gehiago luzatu ere, seinale musikariak zein ikusleak gustura ibili zirela. Bortzirietako lehenbiziko hizkuntza eta kultura aniztasun besta horrela bukatu zen, toki onean, giro alaian eta dantzan.
Balorazio bilera
Heldu den ekainaren 11n, asteartearekin, 18:30ean, balorazio bilera izanen da Beran, Beralandetan. Bestak emandakoa eta aurrerantzean taldeak bere egitekoari zein segida emanen dio izanen dituzte hizpide. Bide batez, antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu zuten herritar guztiei, bereziki Gure Txokoa dantza taldeari eta jaki goxoak prestatzeko lana hartu zuten herritarrei.