Patri Arburua euskaltzain urgazle izendatu dute eta Mentxu Peña ohorezko euskaltzain

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin eta euskalgintzarekin estuki lotutako bi herritar Euskaltzaindiko kide izendatu dituzte berriki. Patri Arburua Etxeberria Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikaria euskaltzain urgazle izendatu dute, eta Mentxu Peña Lizarazu, Bortzirietako Euskaltegiko zuzendari eta euskara mankomunitateko lehendakari izandakoa, ohorezko euskaltzain. Zorionak biei!

Bortzirietako Euskara Mankomunitatean garatu du bere ibilbide profesionala Patri Arburua Etxeberria igantziarrak, euskara teknikari da bertan 1994az geroztik, eta egindako ibilbideagatik euskaltzain urgazle izendatu dute. Urgazleak Euskaltzaindiko kide aholkulariak dira, egitasmoetan parte hartzen dute, baina euskaltzain osoek baino ardura gutiago dute. Euskaltzain oso izan aitzinetik derrigorrezkoa da euskaltzain urgazle izatea; horien artean aukeratzen dira euskaltzain osoak.

Mentxu Peña Lizarazu irundarra, aspaldi aranztartua, ohorezko euskaltzain izendatu dute. Mentxu urte aunitzez Bortzirietako Euskaltegiko zuzendari izan da eta gazte gaztetatik aritu da euskalgintzan, bereziki helduen euskalduntze-alfabetatzean. Bortzirietako Euskara Mankomunitatean ere eginkizun garrantzitsuak bete ditu, urte aunitzez izan da Bortzirietako euskalgintzako kideez osatutako Aholkularitza Batzordeko kide, eta 2015-2019 legegintzaldian Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari izan zen.

Euskaltzaindia

Erran.eus