Uztailaren 1ean hasi dira udalekuak Arantza, Beran, Etxalarren eta Igantzin. Lesakan uztailaren 15ean hasiko dira, sanferminak pasatu ondotik. Aurten udalekuetan 234 neska-mutikok izen eman dute: Arantzan 29 partaide dira, Beran 100, Etxalarren 26, Igantzin 24 eta Lesakan 55. Kopuru orokorrak dira horiek, izen emateak astez aste aldatzen baitira. Bertzalde, 23 begirale arituko dira guzira, nahiz eta kopuru horiek ere, asteroko haur kopuruaren arabera, aldatu egiten diren.
Arantzan, Beran eta Etxalarren udalekuak lau astez izanen dira, uztailaren 1etik 26ra. Igantziko kasuan udalekuak uztailaren 19an bukatuko dira, azken asterako ez delakoz haur nahikorik apuntatu. Lesakan, berriz, beranduago hasita ere, zazpi astez eskainiko dira udalekuak, uztailaren 15etik abuztuaren 30era bitartean.
Mankomunitateak Dindaia Fundazioarekin elkarlanean antolatu ditu udalekuak, azken urteotan egin duen moduan, eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.