Eskola hastearekin batera, martxan da Solasean, hizkuntzaren errefortzurako mankomunitateak eskaintzen duen aisialdiko programa. Irailean familiei informazioa helarazi eta izen emateak formalizatuta, urrian hasiko dira aurtengo saioak. Lesakako kasuan, programa honetan parte hartuko dutenak astelehen eta asteazkenetan elkartuko dira, 17:00-18:30 bitartean, Lesakako Udalak Koskonta Bidean duen eraikinean (7 zenb, 2 solairua). Beran, berriz, astearte-ortzegunetan elkartuko dira, 17:00-18:30 bitartean, Kultur Etxean. Lesakan lehen saioa urriaren 9an izanen da eta Beran urriaren 10ean. Aitzinetik, parte hartuko duten ikasleen familiekin aurkezpen bilera izanen da, Lesakan urriaren 7an eta Beran urriaren 8an (17:00etan aipatutako tokietan).
Solasean hizkuntzaren errefortzurako aisialdiko programa bat da, euskaraz ikasteko zailtasunak dituzten haurrei zuzendua dagoena. Ikuspegi ludikotik eta ahozkotasuna landuz egiten da hizkuntzaren errefortzua, eta haur hauentzat euskara komunikazio tresna bihurtzea eta euskaraz komunikatzeko trebetasunak lortzea da helburua. Horrez gain, herriko bizitzan euskaraz murgiltzeko baliabideak eskaini nahi zaizkie.
Programa hau 2020-2021 ikasturtean jarri zuen abian Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Nafarroako Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Beran eta Lesakan talde bana aritzen dira, ikasturteko egutegiari jarraituz, bi begiralek gidatuta.