“Irria” aldizkaria 2 urteko haurren etxeetara

Mankomunitateak, Irrien Lagunak elkartearekin elkarlanean, Bortzirietan 2022an jaiotako haur guzien familiei bidaliko dizkie Irria aldizkariaren urriko, azaroko eta abenduko aleak. Helburua da haurrei zein familiei etxean euskara erabiltzeko baliabideak eskaintzea eta ezagutzera ematea.

Irria 2-6 urte bitarteko haurrentzako aldizkaria da, adin tarte horretarako euskaraz argitaratzen den bakarra. Bertan ipuinak, komikiak eta jolasak topatzen ahal dira, haurrekin batera lantzeko. Pantailak, ikus-entzunezkoak eta digitalizazioa gailentzen ari diren garai honetan, garrantzitsua da etxeko txikienen esku gisa honetako aldizkari bat jartzea, euskaraz eta paperean.

Datozen hiru hilabeteotan mankomunitateak bidaliko dizkien aleak doan dira. Horren ondotik, familien esku geldituko da aldizkaria jasotzen jarraitzeko harpidetza egitea.