“Uscaldunac garen ezquero” ekimenaren 5. edizioa Aita Dornakuri buruz

2020an hasitako bideari jarraituz, aurten ere “Uscaldunac garen ezquero” ekimenaren barrenean ekitaldi bat antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Aurtengoa hitzaldi marraztua izanen da, eta Beralandetan eskainiko da, azaroaren 29an, 19:00etan, Mikel Lakasta hizlariaren eta Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariaren eskutik.

Roman Dornaku Olaetxea idazle beratarraren bizitza eta lana hizpide

Juan Maria Roman Dornaku Olaetxea (Bera, 1877-Hondarribia, 1959) fraide kaputxinoa  izan zen, eta Filipinetan egon zen misiolari. Bertako hizkuntzak ikasi zituen eta euskarazko hiztegi bat ere egin zuen. Hizkuntzalari izateaz gainera, diplomatikoa ere izan zen. Joaten zen tokietara Berako lurrez betetako zakutoa eramaten omen zuen. Dornakuk Berako ereserkia (musika eta hitzak) ere egin zuen. Arlo aunitzetan aritu zen eta hagitz emankorra izan zen.

Joaquín Goia apez beratarrak Poesías de tres veratarras en euskera / Iru beratarren euskal bertsoak liburuan (1980) Dornakuren poemak bildu zituen, Larramendiren eta Aldaberen poemekin batera.

Ekitaldi honetan Mikel Lakastak Dornaku beratarraren biografia azalduko du, munduan barrena egindako ibilbide aberatsaren berri emanen du eta hizkuntzalari eta idazle gisa egindako lan oparoa aurkeztuko du. Eta bitartean hori guzia Mattinek bere marrazkien bidez ilustratuko du.

 Parte hartzaileei buruz

Mikel Lakasta Pérez-Ilzarbe (Iruñea, Nafarroa; 1967). Zuzenbidean eta Euskal ikasketetan lizentziatua da (UPV/EHU eta Université de Pau et du Pays de l’Adour, hurrenez hurren), eta Euskal Ikasketetako masterduna (Bordeaux-Montaigne unibertsitatea).

Euskaldunon Egunkariako langilea izan zen 1990 hamarkadan, eta han ezagutu zuen Mattin. Nafarroako hezkuntza publikoko Bigarren Hezkuntzako irakaslea da azken hogeita hamar urteotan, Lekaroz-Elizondon, Iruñean, Donezteben eta, egun, Urdazubi-Zugarramurdin.

Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin (Donostia, Gipuzkoa; 1967). Informazio zientzietan lizentziatua da. Euskarazko infografian aitzindaria izan zen 1990ko hamarkadan, Euskaldunon Egunkarian hain zuzen ere.

Haur eta gazte literaturan testu ugari ilustratu ditu. Gaur egun sormen tailerrak ere eskaintzen ditu. Bere marrazkera bizi-bizia da. Era berean, etengabe ari da bilaka.

Bertzeak bertze, sorkuntza hauek aipatzen ahal dira : Memoriaren ibaia (Denonartean, 2023) Juan Luis Zabalarekin, Aurpegrafiak (Zortziko Editions, 2023) eta Lamiak eta emagina (Denonartean, 2024) Ixabel Agirresaroberekin.

“Uscaldunak garen ezquero” ekimenaren barne

Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren antolatzaileak abendu hasieran izenburu horren pean hitzaldiak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen. Eskuizkribu hori orain arte euskaraz aurkitutako testu administratibo bakanetakoa da, eta horren edukiak eta gainerako xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santaziliak eta Mikel Tabernak eskaini zuten lehen hitzaldia.

Geroztik, “Uscaldunac garen ezquero” izenburuaren pean eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, urtero antolatu dute gisa honetako kultur ekitaldiren bat Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean.