Euskara mankomunitateak telefono mugikorrak euskaraz paratzeko bideoa egin du

Teknologia berriak euskaraz erabiltzea sustatzeko eta baliabideen berri emateko bideo sorta egitea erabaki zuen euskara mankomunitateak, eta hirugarrena aurkeztu dute, aski praktikoa eta polita, Android sistema eragilea erabiltzen duten telefono mugikorrak euskaraz paratzeko. Argibide erraz batzuk jarraituta telefonoa eta aplikazioak euskaraz erabiltzen ahal dira.

Euskara mankomunitateak aurkeztu berri duen bideoan telefono mugikorrerako Android sistema eragilea euskaraz paratzeko argibideak agertzen dira, gailua bera eta bertan diren aplikazioak euskaraz erabil ditzagun. Bidenabar, gailuari zuzenean euskaraz nabigatzeko agindua emanda, euskarazko webguneak lehenetsiko ditu bilatzaileak eta Interneteko nabigatzailea, posta zerbitzua, sare sozialak, eta abar euskaraz egonen dira, deus berezirik egin behar izan gabe. Zergatik da garrantzitsua bizitza digitalean ere euskaraz aritzea? Bada, nabigatzaileak erraten dio Interneti zein hizkuntzatan nabigatu. Hala, web garatzaile, robot eta Interneteko enpresa handiek informazio hori jaso eta horien arabera erabakitzen dute edukiak euskaraz eskainiko dituzten ala ez. Beraz, Interneten ere euskara existituko bada, bertan euskaraz aritzea ezinbertzekoa da.

Euskara mankomunitateak hiru bideo egin ditu honez gero baliabide digitalak euskaraz paratzeko eta teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko.
Lehenbizikoa sare sozialei buruzkoa izan zen eta bigarrena Internet nabigatzaile eta posta zerbitzuei buruzkoa.

https://www.youtube.com/watch?v=T64MgW-NvPw