Bortzirietako Euskara Mankomunitateak abian du III. plan estrategikoa diseinatzeko parte hartze prozesua. Hurrengo urratsa herritar eta eragileekin kontraste saio bat egitea izanen da, plan horren helburuak, ildoak eta jarduerak lantzeko helburuarekin. Saioa apirilaren 5ean izanen da, Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean, 10:00-13:30 bitartean. Parte hartzeko izen ematea beharrezkoa da, apirilaren 2a baino lehen formulario hau betez: https://bortziriak.eus/ninja-forms/7rd4r
Parte hartze prozesu honen baitan lehenik galdetegi bat zabaldu zuen mankomunitateak, herritar eta eragile guziei zuzendua. Galdetegi horretan herritarrei euskararen egungo egoeraz galdetu zitzaien eta, horrez gain, hurrengo urteetan eskualdean euskara biziberritzeko erronka edo ildo nagusiak zein izan behar diren zehazteko. Ondoren, martxoaren 14an, Bortzirietako arduradun politiko eta teknikoen saioa egin zen, euskararen egungo egoeraren gaineko diagnostikoa aztertzeko eta osatzeko eta datozen urteetarako erronka nagusienak lantzeko.
Apirilaren 5eko kontraste saioaren ondotik banakako elkarrizketa batzuk ere eginen dira, kontraste saiora etortzeko modurik izan ez eta planarentzat estrategikoak diren kolektibo eta eragileen iritziak jaso ahal izateko. Plan berria udazkenean onartu eta aurkeztuko da, eta 2026-2031 bitartean garatuko da.