Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun taldeak zenbait ekitaldi antolatu zituen maiatzaren erdialdetik ekainaren hasierara, aski interesgarriak, elkar ezagutzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta gogoeta egiteko. Aniztasun taldeak jardunaldiak baloratzeko bilera eginen du uztailaren 2an Berako Beralandetan eta datozen hilabeteotan atseden hartuko du. Udazkenetik aitzinera deialdi berria eginen da eta orduan erabakiko da taldeak zer norabide hartuko duen.
“Migrantas erakusketa”
Erakusketak emakume migratzaileen errealitate eta egoera ezagutzera ematea du helburu, baita aurreiritziak gainditu eta arrazakeria salatzea ere. Parean elkarteak hainbat emakume migratzaileren ekarpenak bildu zituen, eta horiekin ondu zuen Iraitz Arabolaza ilustratzaileak Beran eta Etxalarren ikusgai izan zen erakusketa.
Ainara Lopezek (Parean Elkartea) eta Iraitzek berak erakusketa aurkeztu zuren maiatzaren 16an Berako Labiaga ikastolako areto nagusian, eta 20 herritar inguru bertaratu ziren, egileen azalpenak arretaz entzun zituztenak. Akabailan berendua izan zen.
Kultur aniztasunaren besta ospatu zen Lesakako Irain herri ikastetxean
Maiatzaren 20an, kultura aniztasun besta ospatu zuten Lesakako Irain Herri Eskolan, Irain Guraso Elkarteak antolatua, hizkuntza eta kultura aniztasun taldearen, euskara mankomunitatearen eta Lesakako Udalaren laguntzarekin. Dantzak, tailerrak, munduko gastronomia ezagutzeko janari dastaketa eta Roda do leo taldearen kontzertua izan zituzten eskolako patioan.
Ikerketaren aurkezpena hilaren 29an Beran
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka abiatu zuten joan den urtean eta lehenbiziko edizioko irabazleek, Paula Laitak, Jon Martinek eta Ane Osuak, ‘Bortzirietako hizkuntza aniztasuna migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak’ ikerketaren aurkezpena egin zuten Berako Beralandetan. Saio interesgarria izan zen, gakoak eman zituena Bortzirietako migratzaileen errealitatera hurbiltzeko, euskararen inguruko jarreretan sakontzeko, eta harrera zein aniztasunaren gaia datozen urteotan lantzeko.
Aniztasun taldearen balorazio bilera
Heldu den uztailaren 2an, asteazkenarekin, 16:30ean, aniztasun taldeak balorazio bilera eginen du Beran, Beralandetan, eta heldu den udazkenera arte atsedena hartuko du.