Hezitzaileek formakuntza jaso dute udalekuetan aritzeko

Ekainaren 24an goiz osoko formakuntza saioa izan zuten aurtengo udalekuetan lanean arituko diren hezitzaileek. Goizeko 9:00etan elkartu ziren Berako Beralandeta eraikinean, eta lehen orduan udalekuen funtzionamendu orokorrari buruzko saioa izan zuten, Dindaia Fundazioko Larraitz Muñoa teknikariaren eskutik. Ondoren, bi orduko formakuntza izan zuten udalekuetan genero ikuspegia eta hezkidetza nola landu ikasteko, Eider Beaumoten eskutik. Eta goiza borobiltzeko, ordu eta erdiko formakuntza eskaini zien Irati Odriozola UEMAko teknikariak, “Nola eragin aisialditik gure herrietako haurren hizkuntza ohituretan?” gaia jorratuz. Horrez gain, hezitzaileak lehen sorospenen inguruko formakuntza saioetan ere ibili dira.

Azken egunotan udalekuetarako programazioak fintzen ari dira hezitzaileak, eta horrekin dena prest egonen da udalekuak hasteko. Arantza, Bera, Etxalar eta Igantzin ekainaren 30ean hasiko dira, eta uztailaren 24an bukatuko. Lesakan sanferminen ondotik hasiko dira, uztailaren 14an, eta abuztuaren 29ra arte arituko dira. Guzira 229 haurrek izen eman dute udalekuetan, astez aste parte hartze kopuruak aldatzen badira ere. Horietatik 125 neskak dira, eta 104 mutilak. Arantzan 22 izen emate izan dira, Beran 101, Igantzin 22, Etxalarren 24 eta Lesakan 60. Aurtengoan 20 hezitzaile arituko dira udalekuetan lanean.