Mugaldeko Udalekuaren bigarren edizioa akabatu da

Uztailaren 14tik 20ra bitartean izan da aurtengo edizioa, Urruñatik abiatu, Saran egonaldia egin, ondoren Bortzirietan eta Oiartzunen akabatuz. Guzira 40 gaztek hartu dute parte udalekuan, gure eskualdekoak eta Oiartzun, Sara nahiz Urruñakoak. Nabarmentzekoa da gazte bortziritarren artean udaleku honek sortu duen interesa. Izan ere, 17 neska-mutil izan dira parte hartu dutenak, baina hasierako izen ematean 29 apuntatu ziren. Toki faltagatik zozketa egin zen izen emate guzien artean. Azpimarratzekoa da ere bortz herrietako gazteak izan direla udalekuan.

Ekitaldiz beteriko aste horretan, Bortzirietako egonaldia uztailaren 18tik 19ra bitartean izan da. Uztailaren 18an Saratik Irrisarri Landera etorri ziren, bertan eguna emateko. Arratsaldean Lesakara joan ziren eta bertso tailerra izan zuten, Julen Zelaietaren eskutik. Komentuan eman zuten gaua eta biharamunean, gosaldu ondotik, autobusez abiatu ziren Oiartzungo Arritxulora, handik udalekuaren azken txanpari ekiteko.

Bigarren urtez antolatu dute udaleku hau Oiartzun, Sara eta Urruñako udalek eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Ttur-ttur Euskaltzaleen Bilgunearekin elkarlanean. Aurtengo edizioa Euroeskualdeak diruz lagundu du.

https://komunikazioak.eus/mugaldeko-udalekua-aurkezpena/