Plan estrategikoa osatzeko saio emankorra

Urriaren 4an, larunbatarekin, 10:00etatik aitzinera, Bortzirietako hainbat herritar Igantzin elkartu ziren goiz osoko saioan, Bortzirietako Euskararen III. Plan Estrategikoaren zirriborroa aztertu eta euren ekarpenak egiteko. Elhuyar Aholkularitzako teknikariek maisuki gidatu eta dinamizatu zuten saioa, hagitz emankorra izan zena.

Bortzirietako Euskararen III. Plan Estrategikoa prestatzeko parte hartze prozesuak bere azken hitzordua zeukan joan den larunbatean Igantziko Baratzondon. Hilabeteetako lana izan da, zenbait mugarri izan dituena. Otsailean galdetegi bat zabaldu zen egoerari eta erronkei buruzko oinarrizko informazioa bildu asmoz, eta 157 lagunek bete zuten. Martxoaren 14an izan zen lehenbiziko parte hartze saioa, Beran, arduradun politiko eta teknikoekin. 19 lagunek parte hartu zuten eta diagnostikoa partekatu eta erronka nagusiak begiz jotzeaz gain, lidergoa eta zehar lerroko ikuspegia landu zituzten berariaz. Apirilaren 5ean herritar eta eragileen txanda izan zen, eta Etxalarren egin zen saioan 19 lagunek parte hartu zuten. Hemen ere diagnostikotik abiatuta datozen urteotarako erronka eta lan ildo nagusiak identifikatu zituzten. Saio hauetako balorazioa hagitz baikorra izan bazen ere, zenbait arlotako herritar eta ordezkarien hutsunea nabaritu zen, bertzeak bertze, hiztun berriak, enpresa munduko eragileak, migratzaileak, eta euskara mankomunitatearekin aspalditik elkarlanean aritu diren zenbait herritar euskaltzale, ezin izan zutenak aitzineko saioetan parte hartu. Arlo horietako ordezkariekin banakako zein taldeko elkarrizketak egin ziren. Saio eta elkarrizketa horietan egin ziren proposamen eta ekarpen guztiarekin, euskara teknikariek plan estrategikoaren zirriborroa prestatu zuten udan zehar. Azpimarratzekoa da saio eta elkarrizketetan parte hartu duten herritarrak 50tik goiti izan direla.

Saio emankorra

Larunbat honetako saioaren helburua zen planaren zirriborroa aztertzea eta ekarpenak egitea. Aitzineko saioetan parte hartu zuten herritar, ordezkari eta eragile guztiak ziren deituak, eta 21 lagun bertaratu ziren. Planaren zirriborroak 201 ekintza aurreikusten baditu ere, horietatik 51 ekintza aztertu zituzten propio. Izan ere, horiek baitira saio eta elkarrizketetan parte hartu dutenek proposatu dituztenak. Bortzirietan euskararen biziberritzea erakunde, eragile eta herritarren ardura partekatua den heinean, larunbateko saioan 51 ekintza horien arduradunak zehaztu zituzten, baita nork eta nola aritu behar duen elkarlanean horiek garatzeko ere. Horretan aritu ziren buru belarri bertaratuak eta emaitza hagitz emankorra izan zen.

Hurrengo urratsak

Igantziko saioko zehaztapen eta ekarpen horiek bilduta, Bortzirietako Euskararen III. Plan Estrategikoaren behin betiko dokumentua osatuko da, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak onartu dezan. Eta hori izanen da euskara mankomunitatearen azken egitekoa eta sortzear den mankomunitate berriari utziko dion ondarea; heldu den urte hasieran abian izanen da Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitate berria, eta bere baitako euskara arloaren egitekoa izanen da 2026tik 2031 bitarteko iraupena izanen duen plana gauzatzea.