Urriaren 14an hasiko da ikasturtea, eta hortik aitzinera asteartero eta ortzegunero elkartuko dira, 17:00-18:30 bitartean, Berako Kultur Etxean, maiatzaren bukaera bitarte. Guzira hamaika neska-mutiko apuntatuko dira, eta haiekin batera bi begirale arituko dira.
Solasean hizkuntzaren errefortzurako aisialdiko programa da, euskaraz ikasteko zailtasunak dituzten haurrei zuzendua dagoena. Ikuspegi ludikotik eta ahozkotasuna landuz egiten da hizkuntzaren errefortzua, eta haur horientzat euskara komunikazio tresna bihurtzea eta euskaraz komunikatzeko trebetasunak lortzea da helburua. Horrez gain, herriko bizitzan euskaraz murgiltzeko baliabideak eskaini nahi zaizkie.
Programa hau 2020-2021 ikasturtean jarri zuen abian Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Topagunearekin (gaur egun Taupa Mugimendua) batera. Geroztik Nafarroako bertze hainbat herritara hedatu da egitasmoa. Nafarroako Gobernuak finantzatzen duen egitasmoa da.
Orain arte Lesakan ere jarduera honetarako taldea sortu izan da, baina aurten, lehen aldiz, ez da izen ematerik izan. Hortaz, jarduera Beran bakarrik garatuko da.