“Euskara elkarrekin irudikatu”. Horixe da herritarren eta eragileen parte hartzearekin batera mankomunitatearen III. plan estrategikoa osatzeko egin den parte hartze prozesuaren leloa. Prozesua udaberrian hasi eta urrian bukatu da, mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak urriaren 29an egindako bileran plana onartuta. Guzira, galdetegiak, saio presentzialak eta elkarrizketak kontuan hartuta, 200 bat herritar eta eragilek hartu dute parte prozesu honetan. Prozesua Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin egin du mankomunitateak. Bertzalde, parte hartze prozesu hau garatzeko mankomunitateak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu du. Plana egungo euskara mankomunitatearen Batzorde Erabakitzaileak onartu badu ere, horren garapena Bortzirietako Zerbitzu Mankomunitate berriari egokituko zaio, bertan kokatuko baita Euskara Zerbitzua.
Planaren nondik norakoak
Planaren helburu orokorra honako hau da: “Bortzirietan euskararen nagusitasun eremuak babestu eta hedatzea (arnasgune izaera indartzea), herritarren euskararen aldeko jarrerak eta motibazioak aktibatu eta astintzea, eta immigrazioko jatorria duten herritarren integrazio linguistiko eta kulturala laguntzea.”
Parte hartze prozesuan egindako ekarpenak oinarri hartuta, planak zazpi ildo estrategiko izanen ditu:
- Haur eta gaztetxoen sozializazioa (0-16).
- Ezagutza/gaitasuna.
- Erabilera/elkarreragina.
- Jarrera/motibazioak.
- Gobernantza eta antolaketa.
- Komunikazioa
- Ikerketa/sistematizazioa.
Guzira 201 ekintza jasotzen ditu planak, 2026-2031 bitartean garatzeko.
Euskara biziberritzeko III. PE 2026-2031
