Bortzirietako solaslagunak ekinean aritu dira udazken honetan eta azken asteotako berri pozgarria da Beran talde berri bat sortu izana. Hartara, bortz talde ari dira mintzapraktiketan, hiru Beran eta bi Lesakan. Guzira, 29 lagunek parte hartzen du egitasmoan, horietako 4 bidelagunak dira, euskara gehiago erabili nahi dutenei laguntzea da euren egitekoa, eta gainerako 25ak bidelariak, euskara gehiago erabili eta euren adierazkortasuna hobetu nahi dutenak. Hemendik gutira taldeek atsedena hartuko dute eta heldu den urte hasieran berreskuratuko dituzte euren ohiko hitzorduak.
Solaslagun egitasmoaren antolatzailea Taupa euskaltzaleen mugimendua da, euskara mankomunitatearekin elkarlanean. Urte berria hastearekin, euskaraz praktikatzeko beharra dutenei nahiz horretan laguntzeko prest dauden herritarrei deia zabalduko diete egitasmoan parte hartzeko, bai abian diren taldeetan, bai berritik sortzen ahal direnetan. Horretarako, izen emateko epea irekiko da ilbeltzean, nahiz eta urte osoan baden taldeetan hasteko aukera.
Egitasmoari buruzko informazioa jasotzeko edota izan emateko interesa duenak bide hauek erabiltzen ahal ditu: 610 920 673 / solaslaguna@taupamugimendua.eus
Taldeei buruzko informazio zehatza
Beran badira hiru talde, lehenbizikoa 8 lagunekoa da eta astelehenero biltzen da 18:30ean, bigarrenean 3 lagun ari dira eta asteazkenero elkartzen dira 19:00etan, eta hirugarrengoa 5 lagunek osatzen dute eta ortzegunero dute hitzordua 19:00etan.
Lesakan badira bi talde, asteazkenekoa berezia da, goizeko 11:00etan elkartzen dira Andramari egoitzako bi langile laguntzaile batekin, eta, ortziralekoa, berriz, ohiko talde mardula dugu, 10 lagunekoa, arratsaldeko 19:00etan elkartzen dena.
“Gogoa pauso, pausoa bide” dokumentalaren emanaldia abenduaren 19an
Abenduaren 19an urtea behar bezala akabatzeko jarduera antolatu dute: “Gogoa pauso, pausoa bide” dokumentala ikusiko dute solaslagun guziek elkarrekin, euskararen biziberritzeari buruz euskara mankomunitateak egindakoa. Emanaldia Beran izanen da, Beralandetan, 18:00etatik aitzinera. Urteari akabaila emateko modu polita izanen da.
